Aurrekontu orekatua lotzea eta "zero zabor filosofia" Bergarako Udalaren erronkak

Arritxu Barruso 2012ko uztailaren 5a

Bergarako Udal Gobernuak, atzera begira ipini eta agintera iritsi zenetik hona egindako lanaren balantzea egin nahi izan du. Pozik daude egindako lanarekin, baina azaldu dute egoera ekonomikoak zuzenean eragin duela beraien jardunean eta asmo eta proiektu asko bertan behera utzi edo atzeratu egin behar izan dituztela. Aurrekontu orekatua lortzea izan da beraien hitzetan erronka edo zailtasun nagusia. Eta aurrera begira ipinita zero zabor filosofiarantz bidea egiten jarraitzea eta atez ateko bilketa sistema abian ipintzea izango dira gobernuaren erronka nagusiak. Oposizioarekin orain arte izandako harremana ere baloratu dute.

Urtebete pasatxo da Bergarako Udal Gobernu berria eratu zela eta orain arte egindako lanaren balatzea egin nahi izan du gobernu berriak. Pozik daude egindako lanarekin eta baita osatuta taldearekin ere; Aralarrek eta Bilduk osatzen dute Bergarako Udal Gobernua.

Jesus Elortza alkatearen esanetan egoera ekonomikoak zuzenean eragin du urte honetan egindako lanean. Murrizketa handiak egin behar izan dituzte eta zailtasunak izan dituzte 2012ko aurrekontua lotu eta ordenantza fiskalak abian ipintzeko. Egoera hilabetetik hilabetera aldatzen dela-eta Udal Gobernuak erabaki du gastua hilero kontrolatzea. "Ogasun zinegotzia, kontu-hartzailea eta neu hileko lehenengo eguaztenetan elkartzen gara gastuaren kontrola egiteko", azaldu du Jesus Elortza alkateak.

Zero zabor filosofia

Aurrekontu orekatua lortzeaz gain, zero zabor filosofiarantz bidea egitea izan da Udal Gobernuaren beste erronka nagusia. Asmoa da 2013ko urtarrilean abian ipintzea atez ateko hondakin bilketa sistema. Horretarako aste honetan bertan hasi dituzte auzoz auzo herritarrekin bilerak; horrez gain lau informatzaile hasi dira lanean, eta irailean bi informazio bulego irekiko dira. 

Permuta sinatzeko finantzazio planaren zain

Turismoa sustatzea eta herria kanpoan ezagutzera ematea da gobernuaren beste erronketako bat eta bertako ondarea ezagutzera emateko hainbat ekimen burutu dituzte aurten: Irizar Jauregiko interpretazio zentroa, Bergara Monumentala gida turistikoa, Bergarako erdigunea herriko margolarien lanekin jantzi...

Eta ondareaz hitz egiten hasita Errege Seminarioa da Bergarako kultura ondare garrantzitsuenetarikoa. Bada, Arrizuriaga eta Errege Seminarioaren arteko permutak sinatu gabe jarraitzen du. Aurreko agintaldian adostasun politikorik ez zegoen permuta egiteko, eta orain berriz adostasun politikoa lortuta, egoera ekonomikoa da oztopoa. Alkateak adierazi du agintaldia amaitu baino lehen permuta sinatuta egotea espero duela. Finantziazio plan bat egitea da helburua. "Permuta oraintxe bertan sinatu daiteke, baina gero zer? Guk nahi duguna da sinatzerako finantzazio plan bat lotuta izatea"

Oposizioarekin harremana

Urte honetan zehar oposizioarekin izandako harremanen gainean galdetuta, alkateak adierazi du EAJ eta PSE-EErekin harremanak oso naturalak direla, oposizioak batzordeetan parte hartzen duela eta elkarlanean jarduten dutela esan du. "Gai bakar batekin erasotzen gaituzte gogor eta hori da hondakinen kudeaketa. Hondakinen kudeaketa gai politiko bilakatu dute. Ez dugu ulertzen beraien helburua ahalik eta gehien birziklatzea baldin bada, zergatik ez diren gure proposamenera batzen. Bion helburua berdina da". Oposizioarekin harremanak "naturalak" badira ere Elortzak uste du osoko bilkurak erabiltzen dituela kexak azaldu eta horiei proiekzio handiago emateko.

Plan Estrategikoarekin aurrera

Aurrera begira eta atez ateko bilketa sistemarekin batera '2010-2020 Plan Estrategikoa' lantzen jarraitzea da Udal Gobernuaren erronka handia. Horretarako hainbat arlokako kontseiluak eratu dira dagoeneko. Kirol- kontseilua da bat eta bigarren sektorea edo industria indartzeko mahaia ere eratu da. Biek ere ibilbidea hasi berri dute baiina Gobernua pozik dago bietan ere eratu den lan-taldearen erantzuna ikusita. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak