Hotzeko estanpazioko jardunaldia izango da Miguel Altunan eguenean

Leire Kortabarria 2012ko uztailaren 3a

Bergarako Miguel Altuna Institutuaren helburuetako bat inguruko enpresekin elkarlanean aritzea da. Horregatik, erreminta, estaldura eta FEM simulazioen joera berrien inguruko Hotzeko Estanpazioko Jardunaldi Teknikoa egingo du eguenean, hilak 5. Bestalde, aurten graduondokoa lortu duten ikasleei diplomak banatuko dizkiete.

Dagoeneko zazpi urte dira Miguel Altuna institutua hotzeko estanpazioaren arloan sartu zela. Maiatz izeneko proiektu bezala hasi zena gaur egun MAIko Hotzeko Estanpazioko Departamentua da.

Miguel Altunaren lana, batez ere, prestakuntzara zuzendu izan da. "Bide berriak landu ditugu, sektoreko erreminta eta behar konkretuak osatu eta garatzera bideratutako proiektu berritzaileetan buru-belarri sartuaz", esaten dute arduradunek.

Formazioaz gain, aldiro, sektoreari lotutako jardunaldi teknikoak antolatu izan dituzte, eta orain arteko esperientziak arrakastatsuak izan dira.

Egueneko jardunaldi teknikoan, hainbat adituk honako gaiak landuko dituzte: estanpaziorako metal gogorreko erremintak; PVD estaldurak; harien ijeztetarako erremintak, eta elementu finitu bidezko simulazioaren aplikazioa.

Aurkezpenak amaitzerakoan, MAIko Hotzeko Estanpazioko Graduondokoa gainditu duten ikasleei tituluak banatuko dizkiete.

Izenematea zabalik dago honako bideetatik: hotzekoestanpazioa@imaltuna.com helbide elektronikora idatzita, www.imaltuna.com webgunean formularioa beteta, edo 943 76 70 49 telefonora deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak