Zartzuela Espainian XVIII. mendean sortutako generoa da, Italiako opera komikotik sortu zena eta ordutik 1.000 zartzuelatik gora daude idatzita. Horixe esan zuten, besteak beste, bideoen bitartez zartzuela zer den azaldu zutenean.
Eta zer dela eta erabaki zuten Orfeoikoek horrelako kontzertu bat egitea? Hauxe Aitor Biain Bergarako Orfeoiko zuzendariaren erantzuna: "Orfeoiak 75. urteurrena ospatu zuenean ekitaldi asko egin ziren, tartean zartzuela. Arrakasta handia izan zuen Bergaran eta jende helduari eta ez hain helduari asko gustatu zitzaien. Animatuta geunden zartzuelaren inguruko proiektu bat egitera eta nola joko asko ematen duen genero bat den; koroarekin, bakarlariekin… gaurko muntaia egitea pentsatu genuen".
Azken bi hilabetetako lana ikusi ahal izan zen Zabalotegin eta guztira 50 lagun inguruk hartu zuten parte. Jantzietan ere zartzuela bakoitzeko toki eta garaiari egokitutako detaileak jarri zituzten.
Zuzendaria oso gustura gelditu zen egindako lanarekin eta herritarren harrera ere bikaina izan zen.