Eguerdian aske lagako zutela jakinarazi eta gero, 19:30ak aldera atera zen espetxetik bergararrak eta lau autotan joandako senide eta lagunak zain zituen Madrileko Estremera espetxe kanpoaldean.
Goizaldean, 01:30 aldera iritsi zen herrira eta harrera beroa egin zioten zain zituen herritarrek. Lore sorta, txapela, bertsoa eta aurreskua egin zizkioten. Plazaolak eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei eta espetxean geratutako lagunak ere izan zituen gogoan.
Euroaginduaren aurkako itxialdia Izpuran
Segi gazte erakundearen aurka Espainiako polizia indarrek 2010eko urrian egindako operaziotik ihes egin zuen Plazaolak. Hilabete batzuk geroago, 2011ko otsailean, hark bezala operazio berarengatik ihes egindako beste zazpi gazterekin batera itxialdia egin zuen Izpuran. Hain justu ere, euren kontrako euroagindu eskaera zela-eta Frantziako Poliziak atxilotu eta Paueko epaitegiak Espainiaratzeko arriskuaren aurrean, eragileei eta herritarrei babesa eskatu zieten gazteok itxialdi hartan. Handik egun batzuetara atxilotu egin zuen Frantziako Poliziak Donibane Garazin eta apirilean Espainiaratu zuten.