Domekan heltzekoak dira auzolandegien lehenbiziko txandakoak eta astelehenean harrera egingo diete udaletxean, 10:00etan; ondoren, Mizpirualde egoitzara joango dira parte hartzaileak (lehenbiziko txandan 26 lagun datoz, 18-25 urte bitartekoak) eta Udaleko ordezkariak.
Auzolandegien proiektua Udala eta Eusko Jaurlaritzaren artean eraman dute aurrera. Mizpirualde egoitzatik 100 bat metrotara dagoen Xabalote Gaztelekuan lo egingo dute gazteek. Literak egokitu dituzte han eta bertako sukaldea aprobetxatzen da jatorduak prestatzeko. Eusko Jaurlaritzak sukaldari bat kontratatzen du hilabete osorako eta berak prestatzen dizkie jatorduak auzolandegietako gazteei. Mizpirualde egoitzako langileek ere lan handia izaten dute auzolandegietako antolaketan, gazteek erabat apurtzen dutelako egoitzako eguneko dinamika. Lanak ondo antolatzea eta koordinatzea ezinbestekoa bihurtzen da.
Mizpirualden dinamizazio lana egingo dute nagusiki. Zaharren egoitzan oso egoera desberdinean dauden egoiliarrak daude. Batzuei egunkaria irakurri, beraiekin kartetan jolastu, gurpildun aulkietan daudenekin kalera irten paseatzera… Arduradunen arabera, gazteen etorrerak haize freskoa dakarkie egoiliarrei eta desiratzen egoten dira uztaila iritsi eta “gazte giroa” sumatzeko egoitzan.
Esan bezala, hirugarren urtez etorriko dira Bergarara: auzolandegiak 2009an egon ziren lehen aldiz eta iazkoa izan zen bigarren ekitaldia. Estatuko hainbat tokitatik etorriko dira; programa Europa mailakoa bada ere, gurera Estatukoak etortzen dira. Lanaz gain, Gaztelugatxe eta Mundaka ezagutzera joango dira gazteak.