Beñat Etxabe garaile Gipuzkoako Itzuliko azken etapan

Edu Mendibil 2012ko ekainaren 26a

Beñat Etxabe bergararrak Gipuzkoako Itzuliko azken etapa irabazi zuen atzo. Sumofic-Igartua taldeko txirrindulariak Zerainen jo zuen lehen erasoa eta berriro Minasen aurkariak atzean uztea lortu zuen. Lidergoa lortzeko zorian egon zen bergararra. Azkenean, Pello Olaberriak eraman du Gipuzkoako Itzulia.

Azken unera arte emozioa egon zen Gipuzkoako Itzulian. Minutu bateko aldea izatera iritsi zen Beñat Etxabe eta Caja Rural taldeak gogor lan egin behar izan zuen lidergoari eusteko. Olaberriak 40 segundoko aldea ateratzen zion Etxaberi azken etaparen aurretik eta azkenean, Lierniako helmugan, zazpi segundo baino ez zituen galdu. Olaberriarekin batera Jokin Etxabe, Beñaten anaia bikia, helmugaratu zen. Bi anaiek Gipuzkoako Itzuli bikaina burutu dute eta Jokin hiru segundogatik ez du lortu podiumera igotzea. Beñat hirugarren sailkatu da, irabazlearengandik 36 segundora, eta Jokin laugarren, 39 segundora.

Erasoan, etengabe

Aurreko egunetan ere Sumofic-Igartua taldeko mutilek lan ona egin zuten, eta Etxabe anaiak aurrealdean ziren sailkapenean. Azken etapan, baina, Beñatek protagonista izateko erabakia hartu zuen. Zerainen jo zuen lehenengo erasoa, eta Minas-en, etapako tarterik gogorrenean bigarren saiakera egin zuen. Minutu bateko aldea izatera iritsi zen, eta orduan larritu ziren Caja Ruralekoak. Alex Aranburu jokoz kanpo geratu zen gurpila zulatu ostean, eta Azkarate lurrera joan zen. Orduan Olaberriak hartu zuen Etxabe harrapatzeko ardura nagusia, sailkapenean 40 segundoko aldea baino ez zuen. Tiraka hasi eta Aitor Morales eta Beñaten anaia Jokin Etxabe baino ez ziren gauza izan haren erritmoari eusteko. Hala, tartea zazpi segundora murriztu ahal izan zuen, baina ordurako Beñat Segurako helmugako marra gainean zen, besoak jasota (2.18.21). Bigarren izan zen haren anai Jokin Etxabe (7 segundora).

Sailkapen orokorrean, hirugarren

Iaz Gipuzkoako Itzulian Mikel Aristirekin aparteko protagonismoa izanda, aurten Bergarako txirrindulariek ez dute lan makalagoa egin. Beñat Etxabek podiumean amaitu du itzulia, baina aipatzekoa da Jokinek egin duen lan ona ere, hiru segundoko aldeagatik laugarren izan delako. Taldeka, berriz, Sumofic-igartua bigarren sailkatu izanak erakusten du bergararrek egin duten lana. Itzulian izan dira Jokin Etxabe, Beñat Etxabe, Jon Arantzabal, Xabier Gallastegi, Julen Irizar, Txomin Larrañaga eta Asier Taboada.

Sumofic-Igartua taldetik, Julen Irizarrek (15. postuan) eta Jon Aranzabalek (38) ere amaitu dute Itzulia. Ziklista hauek osatu zuten taldea: Jokin Etxabe, Beñat Etxabe, Jon Arantzabal, Xabier Gallastegi, Julen Irizar, Txomin Larrañaga eta Asier Taboada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak