Lehenbizi Aintzane Oiarbide EAJko bozeramaileak zaintza partekatuaren mozioa zertan zen galdetu zuen. Aurreko pleno baten mahai gainean uztea adostu zuen udalbatzak eta ordutik udal gobernuaren deirik edo proposamenik ez dutela jaso adierazi zuen Oiarbidek. Jabi Bengoa gizarte zerbitzuen batzorde buruaren arabera, hainbat punturekin zalantza handiak dituzte udal gobernuan eta hori dela eta Legebiltzarrean aztertzeko zain daude. Bengoak esan zuenez, ekainaren 28an aztertzekoa da gaia Gasteizko Legebiltzarrean. Edozein modutan, udalbatzako alderdien artean berba gehiago egitea eta ahal bada gauzak adostea aldarrikatu zuen Oiarbidek: "Gure arteko elkarrizketa hori ematea ikusten dugu logikoena".
Zabortegiarekin kezkatuta
Bestetik, joan den egubakoitzean udaletxean aurkeztutako mozioaren gainean galdetu zuen EAJk, azkenean ez zutelako sartu atzoko gai zerrendan. Aipatutako mozioaren harira, Aintzane Oiarbidek zera adierazi zuen: "Ez dugu Bergaran zabortegi berririk nahi, ez dugu nahi harrobia zabortegia bilakatzea". Jesus Elortza alkateak honela erantzun zion Oiarbideri: "Zuek zabortegirik ez, eta guk errauskailurik ez dugu nahi. Birziklatzearen aldeko apustua egin dugu udal gobernutik eta ez dago sistemarik zabortegirik ez daukana, errauskailuak ere zabortegia behar duelako". Aintzane Oiarbideren arabera, beraiek ere birziklatu daitekeen guztiaren birziklatzearen aldekoak dira eta Europako legeen kontrakoa da zabortegiak sortzea.
Azkenik, ekainaren 18ko datarekin sinatutako hitzarmenaren gainean galdetu zuen Oiarbidek. Haren arabera, alde sindikalak (LAB, ESK eta ELA sindikatuek) eta alde instituzionalak sinatu dute aipatutako hitzarmena. Zeinek eta noren izenean, udalaren ala udal gobernuaren izenean, sinatu duten jakin nahi izan zuen EAJko bozeramaileak. Jesus Elortzak aitortu zuenez, alkateak berak eta gobernuko beste bi zinegotzik sinatu dute hitzarmena. Alkateak argitu zuenez, plenoan aztertu bitartean, hitzarmenak ez dauka balio juridikorik.
Udaleko Erregelamendu Organikoa
Plenoko gai zerrendari dagokionez, puntu guztiak aho batez onartu zituzten atzo. Besteak beste, Debagoieneko Eskualdeko Enplegu Plana garatzeko hitzarmenaren onarpena adostu zuten alderdiek.
Era berean, hirugarren puntuan, EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren aurka Udalak ezarritako kasazio-errekurtsoaren gainean Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak emandako epaia izan zuten aztergai. Udaleko Erregelamendu Organikoko (2008ko azaroan udalbatzak onartutakoa) hainbat artikulu errekurritzea eta aplikazioa suspentsoan uztea eskatu zuen Estatuko abokatuak eta Udalbatzak 2010eko urrian kasazioan errekurritzea erabaki zuen. 2012ko maiatzaren 18an errekurtso hori ez onartzea erabaki du Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak, eta ondorioz 2010eko irailaren 30eko apaia irmoa bihurtu da. Epaia betetzera derrigortuta dago Udala eta zera proposatu zuten atzo: epaia bete eta jakinaraztea, ondorioz, epaian aipatzen diren erregelamenduko puntuko epaian jasotako eran deuseztatuta geratzen direla, horretarako iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta.
Atzoko osoko bilkuran lau zinegotzik huts egin zuten: Bilduko Jaione Isazelaiak, Ariane Kareagak eta Maider Arregik eta EAJko Rafael Amosarrainek.