(Eslovakia eta Euskal Herria, partiduaren atarian, zapatuan, Anoetan).
Vanesa Gimbert Bergaran jaio eta bertan hazitakoa da. Gaztetan, gurasoekin batera, Kordobara joan zen eta han hasi zuen futbolean ibilbidea. Nesken futbolean elitean, gorenekoan, jokatzeko aukera izan du. 32 urte ditu eta Espainiako selekzioarekin 50 bat partidu jokatutakoa da; beteranoetako bat da.
(Gimbert, Espanyoleko elastikoarekin).
Gaur egun Bartzelonako Espanyolen dihardu eta Espainiako Kopa irabazi berri du. Aurretik, Levanten, Huelvako Estudiantesen, Sevillan eta Rayo Vallecanon aritua da.
Oparoa da haren ibilbidea, hortaz, talde askotan ibili delako eta txapelketa ugari irabazi dituelako: "Guztira, lau Superliga irabazi ditut (Bi Levanterekin, eta beste bi Rayo Vallecano taldearekin), Kopa bat eta Superkopa bat" adierazi zuen Goienan joan zen astean.
Datorren urtean ez daki non arituko den, baina Athletic beti ari zaio atzetik. "Realak ez, baina Athleticetik urtero deitzen naute [Barre]. Athleticeko Iñigo Juaristik gertutik jarraitu izan du nire kirol ibilbidea, baina kontu batengatik ala bestearengatik inoiz ez dut Athleticengatik fitxatu".
(Nabaskues, eskumako ertzean, Euskal Herriaren gola ospatzen).
Realetik Athleticera
Gimbert ez bezala, Itxaso Nabaskues Euskal Herriko selekzioko jokalari gazteenetakoa da. 22 urte ditu. Athleticen dihardu azkeneko lau urteetan, 2008an Realetik fitxatu zutenetik. Donostiarra da, baina, ama, bergararra du: Marijo Lasheras. Ikastera Donostiara joan, han ezkondu eta bizitzen hasi zen bergararra. Hiru seme-alabetako handiena da Itxaso.
(Itxaso Nabaskues elastiko zuri-gorriarekin).
Bergaran bizi ez arren, bertan dute jatorria, bai Gimbertek zein Nabaskuesek. Euskal Herriak nazioarte mailan debuta egin zueneko hamaikako berean hasieratik aritzeaz gain, biak ere Bergara zainetan eroateak batzen ditu.