Ikasturteari agur esan dio Txapa irratiak

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko ekainaren 24a

Safety Pins, Lobo Eléctrico eta Nuevo Catecismo Católico taldeek jo zuten zapatuan gaztetxean Txapa irratiko kurtso bukaerako kontzertuan.

Behin baino gehiagotan jo dute Lobo Eléctricok eta Nuevo Catecismo Católicok Txapa irratiak antolatutako kontzertuetan. Azkenengo aldiz, zapatuan. Eta aurreko kontzertuetan bezalaxe, zale asko bildu ziren emanaldia entzutera. "Bergarako jendea etorri da, bai, baina baita kanpoko asko ere. San Juan bezpera izanda bagenuen beldurra, herri askotan ospatzen dira eta San Juanak, baina gure ustea ustela izan da. Inguruko herrietatik eta Donostiatik ere etorri da jendea kontzertura. 200 bat lagun egon dira, eta oso pozik gaude", dio Txapa irratiko Lander Juaristik.

Safety Pins
Hasieran lau talde ziren etortzekoak, baina Screamin Targets taldeak ezin izan zuen etorri eta hiru taldek jo zuten, beraz. Safety Pins taldeak hasi zuen kontzertua, 23:30ean. Segidan Nuevo Catecismo Católicok jo zuen. Berriztutako kantu zaharrak jo zituen. Eta jotzen azkena, Lobo Eléctrico taldea izan zen.

Txaparen azken kontzertua
Txapa irratiaren azken kontzertuan hartu zuten parte hiru talde horiek zapatuan, Bergarako gaztetxean. "Aurten, egia esan, aurreko urteetan baino kontzertu gutxiago antolatu ditugu, eta kontuak justu-justu atera zaizkigu, baina zorrik ez, behintzat. Hurrengo denboraldian ere antolatuko ditugu, azken batean irratiaren autofinantziazio iturri dira-eta", dio Juaristik.

Txapa irratiak uztailean bukatuko ditu zuzeneko emisioak. "Abuztuan ere emisioa izango du, baina ez zuzenekorik. Urtean zehar egindako irratsaioak errepikatuko ditugu, musikarekin batera. Irailean bilera bat deituko dugu, hurrengo urteko parrilla zehazten hasteko. Aurtengo ikasturtean 11 irratsaio egin ditugu guk, eta beste irrati batzuetako beste pila bat emititu ditugu. Irailean egingo dugun bileran ikusiko dugu hurrengo ikasturtean zenbat irratsaio egin gura ditugun guk eta kanpoko zein irratsaio emitituko ditugun".

Iraileko bilera egin ostean, urrirako, Txapa irratiaren hurrengo ikasturteko parrilla prestatuko dute, eta udazkenean hasiko dute kurtso berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak