Berezia izango da biharko partidua.
Bai, niretako oso berezia izango da. Anoeta moduko futbol zelai baten, eta gainera Euskal Selekzioaz... Denboraldian zehar kontrario izan ditudan jokalariekin egongo naiz taldean, eta polita izango da. Pena, partiduaren ostean Bartzelonara itzuli beharko dudala, Espanyoleko taldekideekin denboraldi amaierako afaria daukat-eta.
Izan ere, Espainiako selekzioaz bai, baina Euskal Herrikoaz ez duzu inoiz jokatu, ala?
Ez, nire debuta izango da. Azkenean, kanpoan jokatzen dugunok zailago dugu Euskal Selekzioarekin jokatzea, entrenamendu saioak-eta halakoak egiteko zailtasunak izaten ditugu, kanpoan bizi garelako. Espainiakoaz, berriz, 50 partidu inguru jokatuko nituen.
Espanyol taldean jokatu duzu. Zer moduz?
Oso denboraldi polita izan da, Espainiako Kopa irabazi dugulako. Pena, datorren denboraldira begira kili-kolo dagoelako taldearen etorkizuna, ekonomikoki kluba ez dagoelako unerik onenean. Ez digute ezer esan, eta ez dakit bertan jarraitu ahal izango dudan.
Euskal Herrira itzultzeko asmorik ez? Hemengo taldeek ez dizute inoiz eskaintzarik egin?
Realak ez, baina Athleticetik urtero deitzen naute [Barre]. Athleticeko Iñigo Juaristik gertutik jarraitu izan du nire kirol ibilbidea, baina kontu batengatik ala bestearengatik inoiz ez dut Athleticengatik fitxatu.
Irailean akaso inguruan ikusiko zaitugu.
Batek daki, diodan moduan, Espanyolen ez daudelako gauzak oso garbi.
32 urte beteta, urte asko geratzen zaizkigu futbolean?
Ez! [Barre]. Boladak izaten ditut, batzuetan fisikoki ondo aurkitzen naiz eta beste batzuetan gehiago kostatzen zaigu errekuperatzea. Baina garbi daukat nire futbol ibilbideari ez zaizkiola urte asko geratzen.
Hala ere, kirol ibilbide oso oparoa izan duzu.
Bai. Gaztetan gurasoekin Bergaratik Kordobara joan nintzen, eta han jokatzen ibili ostean Levanten egin nuen profesional mailara salto. Valentzia aldean lau urte egin nituen, eta handik Huelvara joan nintzen denbora baterako, Estudiantes taldean jokatzera. Handik Sevillarako bidea hartu nuen eta hiru urte egin nituen han, beste hiru urte Rayo Vallecano taldean, eta Madriletik Bartzelonara, Espanyol taldera. Espanyolen bi urte egin ditut.
Eta urte hauetan guztietan hainbat txapelketa irabazi dituzu.
Guztira lau Superliga irabazi ditut (Bi Levanterekin, eta beste bi Rayo Vallecano taldeaz), Kopa bat eta Superkopa bat.
Futbol jokalari profesionala zara. Emakumezkoetan posible da hori?
Posible bada, baina ez pentsa gizonezkook moduan bizi garenik, edo haiek moduan irabazten dugunik. Eguneroko soldata ateratzeko moduan ibiltzen gara, baina jendeak ikasteko aprobetxatzen du. Izan ere, gure kirol ibilbidea amaitzerakoan lan bila hasi behar izaten dugu.