Bergarako erdigunea kolorez jantziko da zapatuan

Arritxu Barruso 2012ko eka. 22a, 10:00

Iritsi da eguna; Bergarako erakusketa handiena inauguratzen eguna, herriko erdigune osoa hartzen duen erakusketa. Hutsik dauden erakusleihoak herriko artisten lanekin tapatu ditu Udalak eta bihar, zapatua, bistaratuko dituzte lanok banan-banan. 

19:00etan San Martin plazan elkartu eta Bergarako Erdigunea Koloretan ekimenean parte hartu duten artista guztiek argazkia atera ostea, lanak bistaratzen hasiko dira banan banan. Plazatik Artekalera joango dira, handik Irizar jauregira eta ondoren Barrenkaletik gora, herriko plazara. Bidekurutzeta aldera joango dira gero, eta bertan Rikardo Otañoren margolanekin haren familiak ipini duen erakusketa bisitatuko dute.

San Pedro kaletik azkenik, Munibe plazara joango dira. Ibilbide guztian zehar Alaiak taldeak abestu egingo du eta hainbat geldialdi egingo dira mokadutxoa jan edo zerbait edateko. Munibe plazara iristean, eta iluntzen duenean, proiekzioa bat eskainiko dute margolari eta margolanen irudiekin. Artistekin batera udal ordezkariak ere kalejiran parte hartuko dute.

Margolanak sutara

Urteroko San Juan suan ere izango dute protagonismoa herriko artistek. "Inaugurazio eguna San Juan gaua izanda kutsu berezia eman nahi genion suari. Margolanez estaliko dugu sua. Hau da piztu aurretik artelan pila bat ikusiko dira. Ondoren sua emango diegu. Artearen purifikazioa izan daiteke, edo krisi  ekonomikoaren ondorioz arteak duen balio urria irudikatzeko modua, artea egiteko bide zaharrak atzean utzi eta berriak asmatzeko ideia ere zabaldu dezake. Bakoitzak egin dezala bere interpretazioa", kontatu digu Riki Azkargortak.

Egitaraua

19:00 BILKURA ETA ARGAZKIA SAN MARTIN PLAZAN: artistak, lokalen jabeak, Udaleko teknikariak, polítikoak eta lagunak.

19:15  ARTEKALEN HASITA, ARTELANEI  ESTALKIA KENTZEA: Alkate jaunak emango dio hasIera ekitaldiari, taldeko artista beteranoenaren margolanari estalkia kenduz. Alai Taldeak kantu bat eskainiko digu. Horrela joango gara kalez-kale, artista bakoitzaren artelana agirian jarriz eta artista txalotuz.

19:30 GELDIUNETXOA  ARTEKALEN: Kale honetan jarri diren  17 artelanez gozatzeko eta Raizabal gozotegiak ekitaldi honetarako salgai jarriko dituen hojaldretxoa eta tragoa dastatzeko aukera izango dugu.

Harruriagatik zehar jarraituz …

20:30 BARRENKALEN GELDIUNETXOA, IRIZAR/GASPAR: Artelanez gozatu, lagunekin berriketan egin eta zerbait hartzeko aukera.

21:00 PLAZAN GELDIUNETXOA: Alai Taldeak KANTA bat, eta jarraitu.

21:15 BIDEKURUTZETAN GELDIUNETXOA: Rikardo Otaño zenari ohorezko agurra egingo diogu artisten  eta Udalaren izenean. Bergarak izan duen marrazkilari  bikainetariko baten obrak jarriko dira agerian. Nahi duena zerbait hartzeko aukera.                       

21:45  SAN PEDRO KALEA 12. ERAKUSLEIHOAN GELDIUNEA: Artisten sinadura ezartze ekitaldia.

22:00  MUNIBE PLAZA: Artista bakoitzaren lanen bilakaerari buruzko DVDa proiektatuko da, hirigune historikoko  tabernariek egindako tortilla pintxoak janaz.

22:30 SAN MARTIN PLAZAN SAN JUAN SUA: Urtero egiten den sutara artistek beraien lanak jaurtiko dituztela adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak