Punta-puntako txirrindulariak batu ziren atzo Osintxun, izan ere, emakumezkoen III. Soraluce Saria jokatu zen bertan eta proba Espainiako Koparako eta Euskaldun Torneorako puntuagarria zen.
Joanne Hogan australiarra nagusitu zen Osintxuko helmugan. Azkeneko itzulian erasoa jo zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara. Bere atzetik sartu zen Ana Ramirez. Ondoren etorri zen tropela eta talde horretako azkarrena Leire Olabarria izan zen, eta hala, hirugarren sailkatu zen.
Hiru kategoria
Lasterketan hiru maila ezberdinetako txirrindulariek hartu zuten parte: kadeteak, gazteak eta elitekoak. Kadeteetan garailea Mireia Orengo izan zen eta gazte mailan Alicia Gonzalez. Nabarmentzekoa da baita Ana Usabiaga ordiziarrak egin zuen lan bikaina ere. Izan ere, laugarren egin zuen elite mailako lasterketan. Horrenbestez, Esoainiako Kopako maillota jantzi zuen 23 urtez azpikoetan eta baita Euskaldun Torneokoa ere.
Abiadura handiko lasterketa
Elite eta gazte mailako txirrindulariak batera aritu ziren, baina lehenek itzuli bat gehiago egin zuten Zubillagatik -gazte mailakoak bigarren bueltan batu zitzaizkien-. Abiadura handian aritu ziren (bataz-beste 40km/h) eta ihesaldi askoko lasterketa izan zen. Hala, ihesean irtendako txirrindulari bat harrapatu orduko, beste bat irteten zen erasoan. Halaxe egin zuen Joanne Hoganek, gero irabazle izango zenak, azkeneko itzulian Bergara parean. Poliki-poliki denbora hartzen joan zen Bizkaia-Durango taldeko txirrindularia eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:21:47). Atzetik sartu zen Ana Ramirez Ouribike taldekoa (2:22:08) eta ondoren tropela esprintean. Taldeko azkarrena Leire Olabarria izan zen (2:22:10). Bestalde, gazte mailako hoberena Alicia Gonzalez izan zen.
Kadeteetan esprintak erabaki
Kadete mailako lasterketan ere ihesaldi ugari; laburragoak, tropelak azkar harrapatzen zituen-eta ihesean irtendakoak. Horrela, taldean iritsi ziren helmugara eta esprintean jokatu zen dena. Mireia Orengo izan zen azkarrena.