Reyes Azkoitiaren hitzetan, "Tanto kopurua geure alde izatea zaila izango da Donostia oso bikote indartsua duelako kadete mailan. Baina nahiz eta jakin zaila dela ahalegin guztiak egingo ditugu kanporaketa gure aldekoa izan dadin". Kadete mailan 0-22 galdu zuten joan den egubakoitzean bergararrek eta gazte mailan tanto bakar bategatik, 21-22. Nagusien mailan izan zen Bergararen aldeko puntu bakarra, 22-7.
Zapatuan aurrera egiteko derrigorrez irabazi behar dute gazteek eta nagusiek, eta ahal den alde handienarekin. Kadete mailako Bergarako bikoteak ere ahalik eta tanto gehien egitea komeni. Hala, hiruna berdinduta geratuko dira eta orduan tanto kopurua hartuko da kontuan.
Gaztetxoen finalak gaur
Bestalde, Pilota Eskolako gaztetxoek Udaberri Txapelketako finalak jokatuko dituzte gaur arratsaldean. Aurten, nobedade gisa, neskendako pala txapelketa ere egon da eta Jon Larrañaga ibili da monitore lanetan. Gaztetxo mordo batek hartu dute parte Pilota Eskolan.
Jaialdia bihar
Bihar, egubakoitza, pilota jaialdia izango da Udal Pilotalekuan, 19:30ean: infantil mailan Unai Zubizarreta eta Harri Otermin bergararrek Euskal Jolas taldeko bikotearen aurka jokatuko dute eta kadete mailan, lau t´erdiaren barruan, Paul Valgañonek Zabala izango du aurrez aurre.
Pilota sailaren zozketa
Ohikoa denez, banaz banako pilota finalaren atarian, zozketa egin du Bergara KEko pilota sailak. Jose Ramon Azkarate-Askasuak irabazi du 5.762 zenbakiari zegokion lehen saria: Irujok eta Aimar Olaizolak Bilbon jokatuko duten finalerako bi sarrera eta 500 euro. Bigarren saria, berriz, 2.919 zenbakiarendako saria: txartelaren jabeak, Leire Arbelaitzek, Kantabriako Treceño herriko Palacio de Guevara hotelean asteburu bateko egonaldia eta 250 euro jasoko ditu; eta, azkenik, 9.909 zenbakiarendako izan da hirugarren saria, Erreki jatetxean bi lagunendako afaria. Jose Mari Elgezuak eskuratu du.