Emakume azkarrenak Osintxun

Xabier Urtzelai 2012ko ekainaren 13a

Lokatzak emakumezkoen ziklismoa bultzatzeko ahaleginean jarraitzen du, eta zapatuko hitzordua indartsu dator, puntako txirrindulariak batuko direlako Osintxun egingo duten Soraluce Sarian, Espainiako Koparako puntuagarria izango den lasterketan. Antolatzaileek 150 txirrindulari baino gehiago espero dituzte irteera puntuan, eta astebete geratzen denez Espainiako Txapelketarako, ziklistak gorputzaldi onean etorriko dira Osintxuko hitzordurako.

Dagoeneko Espainiako hainbat taldek baieztatu dute bihar Osintxuko irteera puntuan izango direla: Murtziatik, Valentziatik, Kantabriatik, Madrildik... Eta eurekin batera, noski, euskal taldeak lehiatuko dira, tartean, UCI mailako taldeak diren Lointek, Bizkaia-Durango eta Debabarrena. Eta kontuan hartu behar da talde horietan ziklista euskaldunekin batera kanpotarrek ere korritzen dutela (errusiarrak, frantziarrak, luxenburgoarrak...).
Txirrindulari kanpotarrek, baina, ez die ziklista euskaldunei itzal egingo: Eider Merino (Espainiako txapelduna), Lourdes Oiarbide (Espainiako erlojuaren kontrako txapelduna), Irene Usabiaga (Europako txapelduna), Leire Olaberria... eta abar luzea etorriko dira. Eta hauekin batera lehiatuko da Osintxun irabaztea zer den dakien Sheyla Gutierrez errioxarra, iaz munduko txapelketan 6. postua eskuratu zuena.

Hiru kategoria
Lasterketa hiru maila ezberdinetako ziklistendako izango da: kadeteak (31km), gazte mailakoak (62km) eta elite mailakoak (92km). Kadeteak 15:00etan irtengo dira, eta aparte egingo dute lasterketa (Zubillagara joan-etorri bat). Aparte diogu, elitekoak 16:15ean irtengo direlako, eta Zubillagara joan-etorri bat egin ostean gazte mailakoak batuko zaizkielako, Zubillagara beste bi itzuli egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak