Hainbat ekitaldi gaztetxean astean zehar

Edu Mendibil 2012ko ekainaren 11

Gaztetxeko urteurrenaren barruan, gaur, astelehena, 'El pan nuestro de cada dia' dokumentala eta mahai-ingurua izango da gaztetxean; bihar,' Drogak, kapitalismoa eta herri mugimendua' izenburuko hitzaldia; etzi, eguaztena feminismoari buruzko mahai-ingurua eta eguenean, hilaren 14an, 'Gaztetxia zertarako?' mahai-ingurua. Ekitaldi guztiak 19:00etan izango dira.

Egubakoitz arratsaldean tailer ezberdinen erakustaldia egingo dute kalean eta 22:30ean Un par de txurris antzerki ikuskizuna izango da. Zapatuan, berriz, Gaztetxe eguna ospatuko dute : 11:00etan Pati-poteo-musikatua gaztetxetik abiatuta (patinete, skate edota erruberadun tramankuluren bat eramatea eskatu dute), 14:30ean Bertso-bazkaria hamaika bertuteko bertsolariekin; eta, gauean, La familia iskariote taldearen kontzertua eta DJ Elvis Cainoren saioa. Bazkarirako txartelak Arranon eta Kortazarren daude salgai.

Domekan Napoka Band taldeak emanaldia egingo du kartzela zaharrean, 19:00etan. Eibar eta Elgoibarko Napoka Iria bikoteak esperimentatzen segitzeko beharra izan du eta ohiko biko formatua familia handi bihurtu dute. Horretarako, hiru musikari hartu dituzte babesean, Willis Drummond taldeko Rafa eta Felix, eta Andrakan Bandako Andoni. Beraz, Lehertarazi edifizioak diskoan jasotako kantu biluziak era elektrikoan ezagutzeko aukera izango da domekan kartzela zaharrean.

San Juan bezperako kontzertua
Bestalde, ekainaren 23rako, San Juan bezperarako, N.C.C, Lobo Electrico, Safety Pins eta Screamin' Target  taldeekin kontzertua iragarri du Txapa Irratiak. Bolada luze batez taldea geldirik egon bada ere, 20 urte beteko dituen 2012 honetan indarberrituta dator NCC, Bergaran makina bat aldiz jo izan duen taldea.

Ohi denez, aipatutako kontzertuak zuzenean entzuteko aukera izango da Txapa Irratiaren bidez. FM 97.25ean, edo Interneten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak