Gasolina usaina, motor hotsak eta hauts asko Bergarako motokrosean

Ander Monedero 2012ko ekainaren 10a

Euria iragarrita egon arren, eguraldiak eutsi egin zuen Bergarako Motokros txapelketan eta  horrek lagunduta, jende asko bildu zen Angiozarko bidean dagoen zirkuituan. Tenperatura onarekin eta euririk gabe, Bergarako eta inguruetako motorzaleak froga ikustera animatu ziren, baina zirkuituaren egoerak ez zuen ikuskizunaz behar den bezala  gozatzeko aukera eman: euria iragarrita zegoenez, antolatzaileek ibilbidean lokatza ez pilatzeko asmorekin ez zuten zirkuitua ureztatu eta motorrek hauts asko jaso zuten.

Gauzak horrela, pilotuek zenbait momentutan ez zuten behar bezala ikusten eta horrek asko baldintzatu zuen lasterketa eta baita ikuskizuna ere. Ikusleek ere nabaritu zuten hautsa, baina hori ez zen nahikoa izan motorzaleak etxera bidaltzeko: nahiz eta zikindu eta lasterketa behar bezala ez ikusi, azken manga bukatu arte ez ziren etxera joan.

Arratsaldeko 14:30tan hasi ziren lehenengo pilotuak beraien modalitateko entrenamenduak. Lasterketa hasi aurretik, pilotuentzat beharrezkoa da zirkuitua ondo ezagutzea, izan ere, Bergarako zirkuitua txapelketa egunean bakarrik erabili daiteke eta pilotuek entrenamenduan ezagutu zuten ibilbidearen egoera.

Pilotu gehienek sentsazio onak izan zituzten, izan ere, Bergarako zirkuituak aldapa eta salto asko ditu eta zabalera aldetik ere ondo dagoela esan zuten. Baina baziren hautsarekin arazoak izango zituztelakoan zeudenak ere, eta froga hasi eta berehala konturatu ziren pilotu horiek arrazoia zutela.

16:00etan, entrenamendua bukatu eta lasterketarekin hasi ziren: lehenengoak Promesak izan ziren. Ikuskizun ederra eskaini zuten eta azkarrena Unai Rementeria bizkaitarra izan zen.

Bigarren mangan ere, Rementeriak ez zuen areriorik izan eta bigarrenari, Alexander Olaetari 30 segundoko aldea atera zion.

Motor klasikoen modalitatean, Jose Antonio Ojanguren izan zen azkarrena. Hori bai, lehenengo mangan Ojanguren baino azkarragoa izan zen Chindavisto Peña. Bigarrenean, Ojanguren nagusitu zen eta Peña hirugarren postuarekin konformatu behar izan zen.

Beteranoetan, Koldobika Vigiola izan zen garaile eta bigarren postua Asier Blazquez bergararrak lortu zuen. Blazquez lehenengo mangan hirugarren izan zen eta nahiz eta bigarrengoan azkarrena izan, ez nahikoa izan sari nagusia lortzeko.

Beteranoek ikuskizun ederra eskaini zuten, baina kirol honek etorkizuna duela erakutsi zuten txapelketan parte hartu zuten hiru kimuek. Unai Gerrikaetxeberriak bere nagusitasuna erakutsi zuen eta Yelco Romero eta Gilen Albisuak ez zuten bizkaitarra menderatzeko aukerarik izan.

Senior mailan, berriz, Aritz Martzilla izan zen azkarrena, eta haren ostean, Xabier Abasolo arrasatearra sailkatu zen. Martzillak lehenengo itzulian azkarrena izan zen eta bigarren mangan, bigarren postuan zihoala, istripua izan eta lasterketa bertan behera geratu zen. Izan ere, lasterketaren %75a eginda zegoenez, lasterketa bukatutzat eman zuten. Zorionez, kolpe bat baino ez zuen Martzillak.

Gipuzkoako froga bakarra

Nahiz eta Gipuzkoan motokrosak jarraitzaile asko izan, Bergarako froga herrialdean egiten den bakarra da. Antolatzaileen esanetan, zirkuitu falta handia dago, Bergarakoa baita Gipuzkoako zirkuitu bakarra.

Baina arazoa handiagoa da: Bergarako zirkuitua txapelketa egunean bakarrik erabiltzeko aukera dago eta pilotuek Bizkaira joan behar dira entrenatzera.

Gauzak horrela, Bergarako zirkuitua egun gehiagotan erabiltzeko aukera izatea da Euskal Motoziklismo Federazioaren eskaera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak