Hiru partidutatik bi galduta ez dute samur Herriarteko pilota txapelketan aurrera egitea

Mirari Altube Arrese 2012ko ekainaren 9a

Herriarteko pilota txapelketa final laurdenetan sartu da eta Bergarako bikoteek donostiarren aurka jokatu zuten atzo, ekainak 8, etxean. Hiru partidutatik bi galdu egin zituzten, eta itzulerako partiduen zain, maldan gora jarri zaie orain txapelketa.

Kadeteek 0-22 galdu zuten partidua; gazteek ere galdu, 21-22; eta nagusiek irabazi, 22-7. "Aurretik ere bagenekien alde handia zegoela bi herrietako kadeteen artean baina emaitza hori ezohikoa izan zen", argitu du Reyes Azkoitia entrenatzaile bergararrak.

Gazteen arteko norgehiagoka, ostera, gogorra izan zen eta agerian utzi zuten oso parekatuta daudela bi bikoteak: "Partidu hori irabaztea komeni zitzaigun aurrera egin ahal izateko, baina azkenean tanto bakarrera geratu ginen". Eta nagusiek, espero moduan, arazo barik irabazi zuten.

Itzulerako partiduak zapatuan

Datorren zapatuan, hilak 16, Donostian jokatuko dituzte itzulerako partiduak, eta han erabakiko da bergarrarek aurrera egingo duten edo ez. Aurrera egiteko derrigorrez irabazi behar dute gazteek eta nagusiek, eta kadeteek ahal den tanto gehien egin. Hala, hiruna berdinduta geratuko dira eta orduan tanto kopurua hartuko da kontuan. Badakite ez dela samurra izango, baina borrokan egin eta guztia ematera joango dira Bergarako pilotariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak