Berba barik hitz egiten kontatzen den istorio korapilatsua da 'Eunon'

Jon Berezibar 2012ko eka. 9a, 18:28

Maskaradun aktoreekin eta testurik erabili gabe Apropox antzerki taldeak 'Eunon' lana aukeztu zuen Zabalotegin atzo. Kukubiltxon 20 urte daroan Iurgi Etxeberria da aktore nagusia eta sortzailea. Fermin eta haren amaren arteko harremanaz dihardu antzezlanak, maskaradun bi aktorerekin.

Aldizkako ikusle ez trebatuari, printzipioz behintzat, erraztasun gutxi planteatzen dizkio Eunon lanak, hasiera baten. Testu barik, logela soil baten bueltan eta akzioa egunerokotasun gatzgabean kokatuta, ikusleak harrapatzea erronka latza bihur daiteke itxura guztien arabera. Are gehiago, obraren pisu guztia maskaradun bi aktorek baldin badaramate, txintik esan gabe.

Keinuetan, erritmoan eta ikuslearen arretan dago gakoa eta Iurgi Etxeberria eta Juancar Arraiza antzezleek ongi maneiatzen dute jolasa; zailtasun eta muga horiek berak, ikuslearekin konektatzeko norantza biko zubi bezala erabilita. Ordubetean, doi-doi, amaren eta semearen arteko harremanez, komunikazioaz, bakardadeaz eta mendekotasunez hitzik gabe hitz egiteko erabiltzen dute Eunon antzerki-esperimentua.

Hitz barik, hitz eginez

Fermin da protagonista, ama alboko atean bizilagun duen seme emantzinpatua, eta harekin ama eta bien arteko hartu-eman korapilatsuetan nahasten den sagutxo jostaria (eskuekin manipulatua) ikusiko ditugu taula gainean.

Istorioak kontatzeko sarri ohitua gauden trama arin eta elkarrizketa bizi zalapartasuetara ohituegiak gaude agian eta Eunon, bere maskara, isiltasun eta keinuen jolasekin, iraultzailea da; istorio soil bat kontatzeko ikuslea elkarrizketa eta trama zorabiagarriekin bonbardatzeko ohitura daukaten lanen aurrean, bai behintzat.

Baretasun horretan eta karikaturatik gertu, ikusleak ispilua erraz aurkitzen du, tarteko maskara bat egonda ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak