Karpako taberna irekitzearekin batera festan murgilduko dira San Antonio auzoan eta horrela jarraituko dute hurrengo domekara arte.
Bihar, zapatua, San Antonioko txirrindularitza saria egingo dute 16:00etan hasita eta iluntzean berriz, sardina jana plazatxoan. Arratsalde guztian zehar musikaz girotuta egongo da auzoa.
Domekako eta asteleheneko atsedenaren ostean martitzen iluntzean jarraituko du parrandak. 19:30ean kanpai-iraulketak eta buruhandiak egongo dira eta 20:00etan nobena.
Eguaztenean San Antonio eguna izanda meza, San Joxepe abesbatzaren kontzertua eta luntxa egongo dira eta iluntzean buruhandiak eta nobena.
San Antonioko jaiak hurrengo domekara arte iraungo dute. Beraz, hurrengo aste bukaeran ere parrandan jarraituko dute.
Otaba jaiak Elosun
Elosun ere bihar etxafuegoa jaurti eta Otaba jaiak hasiko dituzte. Domekan egun osoko egitaraua antolatu dute: meza, pilota partiduak, triki-poteoa Lutxurdio, Aitziber eta Kanterarekin, Jubilatuen bazkaria eta herri kirolak.
Dena dela, urtero moduan Astelehena, Otaba Txiki Eguna, izango da jaietako indartsuena. Meza eta piskolabitx-aren ostean bazkaria egingo dute eta ondoren ume zahar eta gazteendako jolasak. Bazkalostea gauera arte luzatuko da; afaria eta erromeria egingo dituzte-eta.