Bergara saskibaloiaren topaleku, Hirunako txapelketarekin

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 7a

Bergara saskibaloiaren gune izango da datorren asteburuan, ekainaren 15, 16 eta 17an. Izan ere, azkeneko urteotan ohiko den moduan, aurten ere Hirunako saskibaloi txapelketa antolatu du Bergara Kirol Elkarteak. Dagoeneko, izena eman daiteke webgunean.

Urtetik urtera ezagunagoa da Bergarako Hirunako saskibaloi txapelketa. Antolaketa onarengatik, banatzen dituen sariengatik eta sortzen den giroarengatik. Txapelketa bera bi egunetan jokatuko da, zapatuan eta domekan, San Martin plazan. Baina, horren inguruan, beste hainbat ekimen antolatu dituzte asteburu osoan.

Esaterako, egubakoitzean, Like Mike filma, botako dute Zabalotegi aretoan. Saskibaloi jokalari izar izan nahi duen 14 urteko gaztetxoaren istorioa kontatzen du. Horretaz gain, umeendako puzgarriak jarriko dituzte asteburuan Munibe plazan. Eta, domekan, Udal Musika Banda ere batuko da saskibaloira, kalejiraren ostean kontzertua eskainiz Espoloiko zumardian.

Hiru egun

Hauxe da antolatu duten egitarau osoa:

Ekainak 15, egubakoitza:

19:00: Like Mike filma, Zabalotegi aretoan. 2002ko filma da eta saskibaloi jokalari izar izan nahi duen 14 urteko gaztetxoaren istorioa kontatzen du. NBAko izarrak irteten dira filmean.

Ekainak 16, zapatua:

  • 10:00: 3x3 saskibaloi txapelketa San Martin plazan. Juniorrak eta kadeteak.
  • 16:00: 3x3 saskibaloi txapelketa San Martin plazan. Senior elite eta Senior Debagoienekoak.
  • Egun guztian zehar: Puzgarriak Munibe plazan.
  • 21:30: Afaria San Martin plazan.

Ekainak 17, domeka:

  • 10:00: 3x3 saskibaloi txapelketa San Martin plazan. Infantilak, alebinak eta seniorrak.
  • Egun guztian zehar: Puzgarriak Munibe plazan.
  • 12:30: Udal Musika bandaren kalejira eta kontzertua Espoloian.

Krisiak gogor jotzen duen honetan, saritan banatuko den diru kopuruari eutsi egin diote antolatzaileek aurten. Alde horretatik, ahalegin berezia egin dute Bergara Kirol Elkarteko saskibaloi sailekoek.

Sari ugari

Irabazleak, 500 euro eta trofeoa eroango ditu, baina 15 sari banatuko dituzte guztira.

Adin guztietako neska-mutikoek parte hartu ahal izango dute txapelketan, gutxienez hiru eta gehienez lau kidez osatutako taldeak osatuz. Benjaminak, alebinak…, horrela, senior mailetakoetara arte.

Parte hartzeko prezioak 20 eurotik hasi eta 50 eurora artekoak dira.

Saskibaloia maite duzuenok, jokalariok edo zaleok aukera bikaina duzue, gustuko kirola egin edo ikusteaz gain, giro onean igarotzeko. Datorren asteburua, Bergara, saskibaloiaren topaleku izango da-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak