"Diputaziokoekin egon ginen berbetan, eta eurek ez ziguten eragozpenik jarri. Baina, AHTko obrak kudeatzen dituztenek ez digute lurrok erabiltzeko baimenik eman, eta azkenean motokros lasterketa egitea erabaki dugu, Euskadiko Txapelketarako baliagarria izango dena", adierazi dio Goienari Asier Blazquez, lasterketako antolatzaileak.
Moto-zale amorratua ez denak nekez ezberdinduko ditu bi modalitate horiek. Motokrosa zirkuitu barruan egiten da, salto ikusgarriagoak izaten dira eta motoak arinagoak izaten dira; gainera, esekidurak ere ezberdinak izaten dituzte. Crosscountryan, berriz, zirkuituan zehar gainditu beharreko hainbat oztopo izaten dituzte, eta tramu bat basoan egiten dute. Eta, hori da lortu ez dutena, zirkuitutik kanpora ibiltzeko baso eremu bat.
Euskadiko Txapelketa
Biharko motokros lasterketarako antolatzaileek 60 parte-hartzaile espero dituzte, eta horietako batzuk Debagoienekoak. Bergarakoei dagokienez, zirkuituan izango dira Josu Mentxaka (iaz Euskadiko txapeldun izan zen), Unai Markiegi (hirugarren doa sailkapenean, junior mailan), Urtzi Markiegi (zazpigarren seniorretan) eta Asier Blazquez (bigarren beterano mailan).
Hala, 12:00etatik 14:30era arte egiaztatzeak egingo dituzte, eta 14:30ean hasiko dituzte entrenamendu saioak. Dena ondo bidean, lehenengo lasterketak 16:00etan hasiko dituzte, eta maila txikietatik hasi eta beteranoen kategoriaraino lehiatuko dira. "Azken edizioetan eguraldiak ez du batere lagundu, eta ea oraingoan ez den zirkuituan horrenbeste lokatzara batzen".