Gazteako klip lehiaketa irabazi du Bergarako Mariaren Lagundiak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ekainaren 5a

Mariaren Lagundiko DBHko 4. mailako ikasleak dira Gaztearen 2012ko bideoklip lehiaketako txapeldunak. Euskal Herri osoko klipak aurkeztu dira aurten ere eta bost onenen artean geratu dira Bergarakoak, Party Rock Anthem izeneko kliparekin. Erabiltzaileek aukeratu dute irabazlea beren botoekin eta Bergarakoek 2.211 boto jaso dituzte. 3.000 euro jasoko dituzte sari moduan. Lehia gogorra izan dute, baina, azkenean, 21 botoren aldearekin, irabazi egin dute.

Hauxe sailkapena:

  • 1. 'Party Rock Anthem'. 2.211 boto.
  • 2. 'Thriller'. 2.190 boto.
  • 3. 'We go together'. 1399 boto.
  • 4. 'Txerri txuleta'. 1076 boto.
  • 5. 'La Mandanga'. 742 boto.

Ekaitz Azula Mariaren Lagundiko Teknologiako irakasleari bururatu zitzaion lehiaketan parte hartzea. Irratian entzun zuen eta egoki iruditu zitzaion. Hala, planteatu zien ikasleei, "gehiegi pentsatu gabe" eta 20 bat lagunek baietz esan zuten.

Bergarako jaien usainean, jai giroko bideoklip dantzagarria egin nahi izan dute. "Borondate oso ona erakutsi dute ikasleek eta klase orduetatik aparte aritu dira, eguerdietan-eta, bokadiloak ekarri eta bertan bazkalduz…", diosku Azulak.

Ikastolako kamerak eta norberak etxean zituenak erabili dituzte bideoklipa egiteko. Editatu ere bertan egin dute, Ekaitz Azulak berak eta Ihart Zamakona, plastikako irakasleak.

50 lan aurkeztu dira

Lehiaketara 50 lan aurkeztu dira eta epai-mahaiak 20 onenak aukeratu ditu lehiaketarako. Ostean, erabiltzaileen, jendearen, botoekin aukeratu da irabazlea.

Gazteak aurten lehen aldiz antolatu du bideoklip lehiaketa; iaz lipduba antolatu zuen.

Bergararrek bideokliperako aukeratu duten musika, LMFAOren Party Rock Anthem da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak