Beti-Bustiko gaztetxoek dominak lortu dituzte Gipuzkoako Txapelketan

Edu Mendibil 2012ko ekainaren 2a

Beti-Busti piraguismo taldeko ordezkariak Irunen izan ziren aurreko asteburuan, beste 60 bat gaztetxorekin batera. Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen Bidasoa ibaian, San Migel deituriko tartean hain zuzen, eta Beti-Bustiren partetik sei gaztetxo lehiatu ziren infantil mailan. Bergararrak pozik itzuli ziren etxera, lan ona eginda eta hainbat domina irabazita. Guztiek ekarri zuten sariren bat.

Miren Murgizu izan zen onena Beti-Bustiko ordezkarien artean: urrezko bi domina eskuratu zituen Murgizuk, lehenbizikoa K-1 proban eta bigarrena alebin B mailako C-1 proban. Mikel Zubizarretak bestalde, urrezko domina eskuratu zuen K-1 proban eta, Iker Mansorekin batera, hirugarrena izan zen C-2an. Brontzezko domina lortu zuten Mansok eta Zubizarretak.Urrezko domina lortu zuen baita Unai Otaduik C-1 proban eta Javier Del Rey hirugarrena izan zen proba berean. Azkenik, Aitziber Iturriagak ere brontzezko domina ekarri zuen Irundik. Iturriaga hirugarrena sailkatu zen eta gainerako taldekideek bezala, maila ona erakutsi zuen Bidasoa ibaian.
Esan bezala, lan txukuna egin zuten Beti-Bustiko ordezkariek Gipuzkoako Txapelketan.

Patxi Ugalderen aukera
Beti-Bustiko Patxi Ugalde, Beñat Lizarralde, Aritz Gimbert eta Jokin Labaien Espainiako Txapelketan lehiatuko dira abuztuan Pons herrian, Lleidan. Labaien kadete mailan lehiatuko da eta Gimbert, Lizarralde eta Ugalde junior mailan. Azken honek, gainera, aukera izango du irailean Eslovenian jokatuko den Europako Txapelketarako txartela eskuratzea. Patxi Ugalde bigarrena da orain Espainiako rankingean.

Infantilak Espainiako Kopan
Bestalde, infantil mailako Javier Del Reyk, Leire Ugaldek eta Aitziber Iturriagak Espainiako Promozio Kopako hiru proba izango dituzte udan, lehena Fragan (Huescan), bigarrena Sorten (Lleidan) eta azkena Dumbrian, Galizian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak