Bergara 1936 Gogoratuz taldea eratzeko bilera gaur udaletxean

Edu Mendibil 2012ko ekainaren 1a

Azkenaldian, Espainiakoa Gerrarekin lotutako bi erakusketa izan dira Bergaran eta jasotako erantzun ona eta testigantzak ikusita, Intxorta elkarteak Bergara 1936 Gogoratuz taldea osatzeko bilera deitu du gaurko, ekainaren 1erako. Udaletxean egingo dute aipatutako bilera gaur, 19:00etan hasita.

Udal Artxiboarekin elkarlanean, batetik Toribio Jauregi argazkilariak gerra denboran ateratako argazkiak izan ziren ikusgai Aroztegin lehenbizi; 2.531 lagunek ikusi zuten eta Intxorta 1937 kultur elkartearen arabera, argazkietan agertzen ziren ehunetik gora lagun identifikatu zituzten jendearen laguntzari esker. Gerrako lekukoak izan ziren hainbat lagun elkarrizketatzeko aukera ere izan zuten Intxortakoek. Hain zuzen, urtetan isilik egon den jendearen testigantzak jasotzea zen erakusketaren helburuetako bat. Bestetik, maiatzaren 20ra arte Elgeta suntsitua erakusketa egon zen zabalik Aroztegin eta horretan ere harrera bikaina jaso zuten, 1.300 ikusle inguru.

Ibarrean lanean
Intxorta 1937 kultur elkartean 16 bazkide dira gaur egun. Ibarreko hainbat herritan jarri dituzte taldeak abian, Arrasaten, Aretxabaletan eta Oñatin esaterako.
Bergarako kasuan, akordioa egin dute Intxortakoek Udalarekin, datorren urterako gerraren gaineko dokumentala egiteko. Baita ere liburu bat argitaratzeko asmoa daukate.
Bestalde, orain dela urte batzuk ere bazegoen gerrarekin lotutako taldea Bergaran, Ondo Bihurtu izenekoa.
Gaiarekin interesatutako guztiei gaurko bilerara joateko gonbidapena egin diete Intxorta kultur elkartetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak