Mikel Gartzia: "Merezi izan du egin dudan lan guztiak; Madrilen ere lan handia egingo dut Berlinera joan ahal izateko"

Erabiltzailearen aurpegia Jaione Carpintero 2012ko eka. 2a, 02:00

Aurtengo Eusko Skills olinpiadetan lehenengo postua lortu du Mikel Gartziak (Bergara, 1992). Bada, webgunearen diseinu onenaren saria lortu izanak Spain Skillsen parte hartzeko aukera eman dio Gartziari. Madrilen izango du, beraz, hurrengo hitzordua, eta bergararrak Euskadi ordezkatu beharko du han.

Lehenik eta behin, zorionak, Mikel! Zer sentitzen da lehenengoa izanda?

Eskerrik asko. Ba, egia esan, oso pozik nago. Jende asko zegoen bertan, eta lehena izatea benetan pozgarria izan da niretako.

Lan handia egin behar izan duzu postu hau lortzeko?

Bai, ikaragarrizko lana. Azkeneko lau edo bost egunetan sei ordu eman genituen pantailaren aurrean lanean lagun bat eta biok. Bertan, gure herriko webgunea diseinatu behar genuen, eta, egia esan, nahiko lan txukuna atera zitzaidan. Hala ere, duela bi urte hasi nintzen webgune honen diseinuaren gainean lanean. Azkenean, esfortzu horrek guztiak merezi izan du.

Azken esfortzu horri esker, Eusko Skillsen parte hartzetik Spain Skillsen parte hartzera pasako zara?

Bai, hala da, urtarrilean Madrilera noa Spain Skillen parte hartzera. Bertan, Espainiako onenak biltzen dira; beraz, pozik bai, baina presio handiarekin ere bai. Eguna heltzear dagoenean presio hori handitzen joango dela pentsatzen dut. Hori irabaziko banu, Berlinen egongo litzateke hurrengo maila, Euro Skills deitutakoa. Esperantza badaukat, baina lan handia eskatzen du horrek. 

Sari horretaz gain, iPad bat ere eman ziguten. Izan ere, Euskaltelek babesten gintuen, eta haien saria izan zen.

Nondik irten zen lehiaketa horretan parte hartzeko ideia?

Irakasle batek esan zidan. Inplikazio eta gogo handiarekin lan egiten nuela ikusi zuen, eta parte hartzeko proposamena egin zidan. Ideia ona iruditu zitzaidan eta aurrera egitea erabaki nuen, eta ondo atera da!

Nire gelatik nik neuk bakarrik parte hartu dut, baina ikastetxe beretik bi ikasle joan gara eta biok ere lortu ditugu oso emaitza onak; hain zuzen ere, nirekin joan zena hirugarren postuan geratu zen.

Interneten murgilduta egonik, sare sozialak erabiliko dituzu. Facebook, Twitter, Tuenti... zeinetan ibiltzen zara gusturen?

Bai, erabiltzen ditut, baina oraindik nik uste dut zerbait falta dela; alegia, beste sare sozial bat. Facebook zenbat gauzatan zaila da; Tuenti, ordea, errazegia; eta Twitterrek komentario txikiak baino ez ditu idazten lagatzen. Nik uste dut guztien artean bat falta dela oraindik.

Lau lagunen artean zerbait berria sortzea pentsatuta daukagu, baina oraindik ideia bat besterik ez da. Oso zaila da horrelako zerbait sortzea, eta lan handia eskatzen duen zerbait da, baina asmoa eta gogoa badaukagu.

Noiz hasi zen ordenagailuekiko interes hau?

Betidanik izan dut. Nire osabak ordenagailu enpresa batean egiten du lan eta hari esker lortu nuen nire lehenengo ordenagailua. Urteek aurrera egin ahala, Sistemas izeneko erdi mailako modulu batean izena eman nuen, eta, hori bukatzerakoan, orain egiten ari naizen programatzaile inguruko goi mailako moduluan sartu nintzen, eta bertan hasi naiz webguneak diseinatzen; hala, gustuko dudala ikusi dut.

Ordenagailuez gain, baduzu beste zaletasunik?

Bai, saskibaloia. Azken zortzi urteetan jokatzen ibili naiz, eta orain, azken bi urteetan, infantil mailako entrenatzailea naiz. Egia esan, oso gustura nago entrenatzaile moduan; edozelan ere, jokatzea gehiago gustatzen zait.

Ordenagailuak eta saskibaloia, biak dira nire zaletasunak. Egun batzuetan bizpahiru ordu ematen ditut eskolatik kanpo ordenagailu aurrean lanean. Orain, Bergarako Saskibaloi Elkarteko webgunea egiten ari naiz; gustukoen ditudan bi gauzak bat eginda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak