Pazkoetako azken traka

Erabiltzailearen aurpegia Katalin Antxia 2012ko mai. 29a, 18:18

Bergaran festetako azken eguna da gaur, martitzena, eta umeen eguna, aldi berean. Goizean hasita gozatu ederra hartzeko aukera izan dute etxeko txikienek, baina baita helduek ere. Goizean, herri kirol erakustaldia izan da plazan, eta jota emanaldia Domingo Irala kalean. Aitzakiarik gabe doa orain artekoa.

Jolas parkea izan da gaur Bergaran gaztetxoek gehien zapaldu duten gunea eta, euren eguna izanik, izugarri ongi pasatu dute puzgarrietan saltoka; zalantza barik, eurak izan dira protagonistak gaur.

Baina gaurko egitarauak eurentzako ez ezik beste adin tarteetarako ekintzak ere jasotzen zituen, noski, eta hori horrela, San Martin plazan batutakoek herri kirol erakustaldiaz gozatzeko aukera izan dute. Hiru aita semek jardun dute lanean: Iñaki eta Inaxio Perurena harri-jasotzaileek; eta Zelai II eta Ioritz Zelai, eta Bihurri eta Hodei Ezpeleta aizkolariek.

Musikaz gozatzeko aukera, bestalde, Domingo Irala kalean izan da: Alma Navarra taldeak jota eta abesti latinoen saioa egin du.

Arratsaldean bingoa

Horiek izan dira goiz-eguerdiko ekitaldi nagusiak, eta arratsaldean gehiago izango dira, noski; tartean, aurtengo berrikuntzetako bat: bingoa, Munibe plazan, 18:00etan.

Eta jaien hasiera Bitorianatxoren jaitsierak markatu bazuen, beronen igoerak emango die amaiera Bergarako Pazkoei; gauerdian izango da, San Martin plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak