Nadank Ndank 0 – El Conquistador del fin del mundo 1

Goiatz Arana Begiristain 2012ko maiatzaren 29a

Mendekoste jaien barruan Conquistour lehiaketako lehen proba jokatu da goizean San Martin plazan eta, herritarren aldeko animu eta oihurik falta izan ez den arren, telebista saioko taldea gehiago izan da Bergarakoa baino. Arratsaldean bigarren eta azken proba jokatuko dute; Bergarako parte-hartzaileek ez dakite oraingoz zein ordu eta tokitan izango den.

El conquistador del fin del mundo saioko aurtengo edizioko David Seco, Lobo, Isa, Migueliz eta Vero etorri dira eta Korta aritu da eurekin kapitain lanetan. Euskaldun eta senegaldarrez osatutako Ndank Ndank talde bergararra izan dute aurrez aurre. Zaku batzuk sagarrez bete behar izan dituzte, gurdian ipini eta hiru itzuli eman. Indarrak nahiko parekatuta izan dituzte, baina talde bisitariak irabazi du proba, alde txikiarekin izan bada ere: buelta erdi.

Herriko jaietan murgilduta eta eguraldi paregabeak lagunduta, jende asko batu da plazan probak iraun duen bitartean eta, herritar batek kontatu digunez, Kortak "espektakulua" ere eman du, gainera.

Trikiti doinuekin eta tinbalekin girotu dute proba eta, behin amaituta, trago batzuk hartzen dabiltza tabernetan. Eguerdian Arranon bazkalduko dute.

Arratsaldean gehiago

Arratsaldean jokatuko dute eguneko bigarren eta azken proba baina, parte-hartzaile bergararrek adierazi digutenez, eguerdian oraindik ez zekiten zein ordu eta tokitan izango den; baliteke, hori bai, errekan izatea, zurrumurru hori heldu baitzaie.

Irabaziz gero, Bergarako taldeko kideek datorren ediziorako egingo den casting-ean sartzeko aukera izango dute zuzenean; bestela, ikusi egin behar. Seiak joango lirateke gustura, kontatu digutenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak