Bi agintaldi egin zenituen zinegotzi moduan, baina diozu zuretako hiru izan zirela. Zergatik?
Alderdien Legea zela eta, 2003ko hauteskundeetan Bergara Aurrerako zerrenda baliogabetu egin ziguten, eta, hala ere, ia 2.000 bergararren babesa jaso genuen. Herritar horien ahotsa izateko Udalean ahalik eta parte-hartze handiena izatea erabaki genuen. Ez ziguten aukera handirik eman, baina Udalaren jarraipena egiten saiatu ginen, gure iritzia ematen. Batzordeetan parte hartzeko aukerarik ez ziguten eman, baina osoko bilkura guztietan parte hartzen saiatzen ginen.
Zinegotzi izan zaren urte guztietan EAJ alderdia egon da Gobernuan. Nolakoak ziren harremanak?
EAJk modu bat zuen udalgintza ulertzeko eta guk beste bat. Askotan, bi eredu horiek talka egiten zuten, eta horrek gatazka sortzen zuen. Hori jardun instituzionalean normala da, beste kontu bat da hori maila pertsonalera eramatea, eta uste dut bai batzuk bai besteok, bagenekiela hori bereizten. Bestetik, EAJrekin Gobernua osatzeko akordioa adosteko sasoian harreman zuzenagoa izan genuen haiekin eta hainbat batzar egin genituen euren eta gure egoitzetan. Egia esan, garai haietan arraroa egiten zen EAJko alkatea gure egoitzan ikustea edo gu batzokian.
Beraz, Gobernuan egotea zer den ere ikusi ahal izan zenuen...
Bai, baina ez genuen denbora luzerik izan lanerako, hilabete batzuetako kontua izan zen-eta, Lizarra-Garazi akordioarekin batera gobernu-akordioa lortu zen EAJ, EA eta Euskal Herritarrok alderdien artean, eta Hezkuntzan aritzea egokitu zitzaidan.
4.- Politikan eta udalgintzan jarduteak zer eman dizu?
Alde batetik, asko ikasi dut; eta bestetik, hainbat momentutan gure herriaren une historikoetan geundela sentitzea eta horiek gertuagotik jarraitzeko aukera izatea pribilegioa izan da; esaterako, 1999ko irailean, Euskaldunan, Udalbiltzaren sorreran, Bergarako ia korporazio guztiarekin eta Euskal Herri osoko beste 1.800 hautetsirekin batera egotea izugarria izan zen.
Gogoratzen duzu bereziki gogorra izan zen osoko bilkurarik?
Hirugarren agintaldiari hasieran eman zion osoko bilkura aipatuko nuke. Oso gogorra izan zen. Zinegotziak banan-banan kargua hartzen ikustea eta Bergara Aurrerako lau hautetsiek parte hartzeko aukerarik ez izatea. Gogorra izan zen guretako, beste zinegotziei zuzeneko interpelazioa egitea eta horrek sortu zuen giroa, eta haiendako ere horrela izango zen, baina egin beharreko gauza bat izan zela uste dut.
Eta zinegotzi izan zineneko ze momentu aukeratuko zenuke?
Ba, agian, ordurako zinegotzi ez nintzen momentu bat aipatu beharko nuke. Hurrengo agintaldian ANVk alkatetza lortu zuenekoa. Atzera begiratu eta 12 urteko errepasoa egin eta gero, Bergarako jaiak ziren domeka hartan, izugarrizko poztasuna sentitu nuen. Inbestidura-ekitaldia oso hunkigarria izan zen.
Udal politika jarraitzen duzu?
Saiatzen naiz jardun hori jarraitzen, baina edozein herritar bezala. Atez atekoaren inguruan sortu den zalapartarekin nago harrituta, ez dut zalantzarik oso erabaki ona dela; beharrezkoa, esango nuke. Antzuolako esperientzia ezagutzen dut apur bat, eta ziur nago hilabete batzuen ondoren normaltasunez ikusiko dugula.
