Bergaran, iaz, herriko argi publiko sarean 281.549 euro gastatu zuen Udalak, aurrekontuan zeukan baino 30.000 gehiago; eta aurtengo aurrekontua 270.000 eurokoa izanda, urtarriletik martxora 104.000 gastatu du dagoeneko.
Bergarako Udaleko zenbait arduradunek, Jesus Elortza alkatea buru zutela, jakinarazi zituzten gastua txikitzeko neurri berriak; horien artean, Angiozarren ipiniko duten proiektu pilotu bat, LED lanparez eta norbait inguruan dabilela detektatzeko gailuez. Mota horretako 17 luminaria edo farola ipiniko dituzte. Horien potentzia ohikoaren %10ekoa izango da, eta norbait inguruan detektatzen dutenean, handitu egingo da potentzia.
Horrelako luminariak aukeratu ditu ere Oñatiko Udalak argindarraren faktura txikitzeko. Azken egunotan, hornitzailearekin, Donostiako Luix enpresarekin tratuan ibili da Udala, eta herriko ze lekutan ipini erabakitzea falta da. Udalaren arabera, proba gisa instalatuko dituzte halako lehenengo farolak eta, proba ondo irteten bada, leku gehiagotan ipiniko dituzte.
Energia garestiago saltzen da
Detektagailuak eta LED luminariak dira argindar gutxiago eta, era berean, herriak argi eta seguru egongo direla ziurtatzeko teknologia berrienak. Horien aurretik beste batzuk erabili izan dira, eta horiek ere emaitza ona eman dute Debagoienean: besteak beste, sodiozko bonbillak sartu ziren orain urte batzuk, betiko inkandeszenteak edo halogenoak baino askoz eragingarriagoak: inkandeszentean, energiaren %5-10 inguru bakarrik bihurtzen da argi, eta gainerako guztia bero bihurtzen da; sodiozkoan, energiaren %65 bihurtzen da argi; baina LED bonbillen kasuan, energia ia guztia bihurtzen da argi: %95, hain zuzen ere. Horrez gain, argia bera hobea da, objektuak eta koloreak sodiozkoa bonbillen argiak baino hobeto apreziatzen uzten duena. Hala, bailarako herri gehienetan, LED motako bonbillak ipintzen joan dira udalak, aurrekoen partez.
Tentsioa egonkortzeko eta bonbillek argi-korronte txikiagoa jasotzeko mekanismoak ere erabili dituzte udalek; modu horretara, lanparak eragingarriagoak izan dira, eta bonbillen bizitza, luzeagoa. Aretxabaletan, 2011 hasieran egin zen hori, eta, inbertsioa handia izan zen arren –herriko 27 koadro elektrikoetako bakoitzean mekanismo hori ipintzea 6.000 euro kostatu zen–, asko aurreztea lortu da: %15 eta %20 gutxiago artean kontsumitzen dute orain farolek. Kontuan hartu behar da gutxiago gastatzea ez dela soilik bonbilla edo teknologia kontua: energiaren salneurria asko handitu da azkenaldian, beraz, kilowatt gutxiago kontsumitzen duten sistemak behar dira.
Horrez gain, azken hamarkadan zehar, bailarako herriotako argi-kutsadura gero eta txikiago bihurtu da; izan ere, lehengo faroletan, argia gorantz joaten zen, eta farola berriek goialdea estalita dute, argia beherantz joan dadin eta argi guztia aprobetxa dadin, argi-kutsadura murriztuz.
Argi goxoaren bila
Antzuolako Udalak 46.000 euro gastatu zuen iaz herriko argietan, nahi baino gehiago. Azterketa batek dio %40 gutxiago gastatzeko modua dagoela. Orain, kaleko argiteria aldatzeko proiektuaren planteamendu-fasean dago Udala, eta finantzaketa bila; izan ere, asmoak aurrera eroateko, 100.000 euro inguru behar izango dira. Udala baikorra da.
Iñaki Iartza Antzuolako Hirigintza zinegotziaren esanetan, baina, dirua ez da kontuan hartu beharreko gauza bakarra: "Ikusi beharra dago ere ze argitasun mota, ze goxotasun ematen duen eta jendeak nola erreakzionatzen duen".
Bergarako Udalak ere herritarrekin landu nahi ditu bere asmoak. Hala ere, Jesus Elortza alkateak bergararrak lasai egon daitezen nahi du: "Ez dugu kale bat bera ere ilunpetan utziko".
Udal eraikinen kontsumoa
Arrasateko Udalarendako, energia ahalik eta ondoen kudeatzea lerro estrategikoa da. Hala, energia-auditoria enkargatu zuen Udalak iaz, eta horren emaitzen araberako plana ezartzen doaz arduradunak. Honako aldaketak egin dituzte: herri osoan luminaria eragingarriagoak eta kontsumo txikikoak ipintzen joan da, baita semaforoetan ere; farolak ere aldatzen joan da Udala; eta telegestioa ezarri du, herriko argiteria, sektoreka, modu elektronikoan kontrolatzeko. 2009a ezkero, urtero diru-partida bat dago telegestioa herriko gero eta sektore gehiagora zabaltzeko.
Bestalde, udal bulegoetan, kiroldegian eta Kulturaten egiten den gas eta argindar kontsumoa Energiaren Euskal Erakundeak monitorizatzen du egunero, eta horren araberako neurriak har ditzake Udalak, gura baino gehiago kontsumitzen bada.
Herriko guztiak aldatu
Eskoriatzan, iaz, Kuatruenean, bi beso duten farolen beso bat itzalita izatea erabaki zuen Udalak; Elorretan ere gauza bera egin zuten, eta Olazarreko kale baten ere bai. Gorosarri plazan, LED teknologiako bonbillak ipini zituzten, eta eliza eta museoa argiztatzeko zeuden foku potenteei piztuta egoteko ordu kopurua murriztu zieten.
Bonbilla zaharrak LED motakoekin ordezkatzen 2010eko udan hasi zen Eskoriatzako Udala: orduan, Gaztañadui kalean eta Luis Ezeiza eskola inguruan aldatu zituen. Herriko luminariak pixkana-pixkana aldatzen joateko erabakia hartu zuen orduan, eta betetzen doa urterik urte.
----------------------------
Juan Ramon Garitano | Bergarako argiteria arduraduna
Ze lortu nahi duzue?
Udalak diru-sarrerak oso murriztuta dituenez, argindarrean aurrezteko eta bestelako neurriak hartzen gabiltza. Iaz, kalerako argindarrean 281.000 euro gastatu zen, eta aurten 270.000 dugu aurrekontuetan. Aukera bakarra kontsumoa txikitzea da.
Auzoan argi barik geratuko den beldur egon daiteke inor…
Gure asmoa da, ahal bada, eta leku bakoitzeko berezitasunak kontuan hartuta, lanpara bakoitzeko bat kentzea. Zorrotzagoak izango gara industrialdeetan, eta errazagoa iruditzen zaigu horietan hastea: bizilagun gutxi ibiltzen da, eta kontsumoa handia da, metro koadro asko daudelako. Baina beti segurtasunari begiratuko diogu. Argi-koadroetan aparailu batzuk ipiniko ditugu. Ea %50 aurreztea lortzen dugun.
Non dago argi gehien, herrian?
Herriko alde berrian, Ibargarain, adibidez, gehiegizko argitasuna dago: lanpara mordoa dago, eta asko apaintzeko bakarrik dira. Hor zorrotzagoak izango ginateke. Kontsumo handienak erdigunean egiten dira. Larregizko kontsumoa dago, eta txikitzen hasi behar gara. Gainera, argi-kutsadura sortzen da.
Industriaguneak eta gero, zer?
Gero, auzoetara joko dugu, ikusten delako hor ez dagoela kaleko bizitasuna. Baina jendea jakinean ipiniko dugu; herritarrekin batera jardungo dugu.
Urte askoan larregi gastatu da…
Nik 10 urte daroat hemen lanean eta, lehen, ez zen eraginkortasunaz hitz egiten. Gero, gauean argiak itzaltzen hasi ziren. Baina luzaroan, neurriz kanpo gastatu da, bai: lehen, luminaria bat ipintzen zen 25 metrotik 25 metrora, eta orain, 3-4 metrora ikusten ditugu.
