Euskadiko txapelketako lehen probetako bat izan zen atzo, domeka, Bergaran jokatutakoa, eta zapatuan Oñatin ere, Errekalden, beste bat jokatu zen. Bergarakoan, guztira, aurten 16 parte hartzaile egon dira lasterketan, banaka zein taldeka baina errodamentudunetan talde bakarra eta banako bakarra aurkeztu dira eta goiti behera arinetan bi besterik ez. Bergaratik, ostera, zortzi taldek hartu dute parte eta herrikoen artean nagusi izan dira Urtzi eta Unai Markiegi. Maddi Gutierrez bergararra ibilgailu arinetan bigarren geratu da eta bergararren artean hirugarren iritsi zen. Parte-hartzaileak aurten Ondarru, Zalla, Sestao, Elizondo, Legazpi eta, noski, Bergaratik etorri dira.
Pozik, lasterkariak
Parte-hartzea aurten jaitsi egin da nahiz eta Irene Zenitagoia antolakuntzako kideak zioen Euskal Herrian gorantza doan zaletasuna dela. "Krisiak honetan ere eragiten du", zioen Zenitagoiak, eta azaltzen du parte hartzeko federazioak ezarritako baldintza teknikoak bete behar direla eta horregatik iaz baino jende gutxiagok hartu duela parte aurten. Bergaran hirugarren urtea da egiten dutena, 20 urte baino gehiagoren ostean, eta antolakuntzakoak pozarren daude herritarren erantzunarekin. "Batez ere jende gazte asko" joaten dela aipatzen zuen Zenitagoiak eta "gauza ezberdin bat eskaintzea polita" dela.
Atzoko lasterketak, bestela, aitzakia gutxi izan zituen. Zauritu pare batekin sustoa izan etagero. bestelako gertaera barik egin zuen aurrera lasterketa biziak. Pilotuak ere "oso gustura" atera ziren Bergarako probatik.
Antolakuntzaren eskertza
Antolakuntzaren partetik Zenitagoiak, batez ere, urtero esku bat emateko prest dauden "laguntzaile leialei" eta bereziki Gorla Racing taldekoei ematen die eskerrak eta baita "Udalari". Zenitagoiak azaltzen du ez dela erraza izaten jaietan halako lasterketa bat antolatzea eta Udaletik "laguntza handia" jaso dutela eta dio "beti prest eta interesarekin" egon direla edozertan laguntzeko.
Sailkapena
Euskadiko Txapelketa
Errodamentudunak:
- Gueñes (Gueñes)
Neumatikoak:
- LaGóndola (Zalla)
- Zopiloteak (Elizondo)
Arinak:
- Julenagi (Legazpi)
- Maddi Gutierrez (Bergara)
Herrikoak
- Urtzi eta Unai Markiegi
- Gorka Heinz