Iritsi da zapia jantzi eta festan murgiltzeko eguna

Arritxu Barruso 2012ko mai. 25a, 13:57

Mahoizko zapiak jantzi eta kalean gora eta behera ibiltzeko egunak izango dira datozenak Bergaran. Iluntzeko 20:00etan hasiko dira Pentekoste jaiak eta atsedenerako denbora gutxi izango dute bergararrek martitzenera arte. Udaletxeko balkoain bi bergarar ezagun aurkituko ditugu gaur: Miguel Okina –suziria jaurtiko du– eta Blanca Narbaiza –Bitorianatxo izango da–. Dena prest dago Bergaran. Ordua iristea besterik ez da falta!

Bariku, zapatu eta domekako egitarauak.

Autobus zerbitzu bereziak

Gaur eta bihar bergararrez gain bisitariak ere etorriko dira Pentekoste jaiez gozatzera. Hori horrela, autobus zerbitzu bereziak egongo dira egubakoitzean eta zapatuan. Linea batek Antzuola eta Elgeta arteko bidea egingo du gau guztian zehar, Bergaran geldituta. Beste linea batek berriz Eskoriatza eta Eibar arteko ibilbidea egingo du bidean Aretxabaleta, Arrasate, Bergara eta Soraluzen geldituta.

'Zapia lepoan, euskara ahoan'

Bada, aurten ere euskararen aldeko mezuak zabalduko ditu Jardun elkarteak jaietako zapien bitartez. Jai giroa eta euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin aurten ere jaietan zapiak eta pegatinak aterako ditu. Zapiak hiru eurotan erosi ahalko dira San Martin plazan jarriko den postuan eta herriko zenbait tabernatan. Pegatinak, berriz, doan banatuko dira. Aurten Eneko Ibañezek irabazi du Jardunek antolatutako lehiaketa.

Barrakak 1,80 euro

Jostaleku guztietako prezioa gehienez 1,80 euro izango da bidaiako, eta zazpi bidaien bonoa 9 eurotan eskuratu ahalko da. Astelehen goizean eta eguaztenean egun guztian prezio berezia izango dute.

Aurrekontua %20 jaitsi du aurten Udalak

Jaiak antolatzerako orduan Udalak aurten izan duen zailtasunetako bat aurrekontua izan da. Iazkoarekin alderatuta nabarmen jaitsi da. Aurten 112.000 euro gastatuko ditu Udalak jaietan; iaz baino %20 gutxiago. Hori horrela, esaterako, ez da banderatxo edo apaingarririk ipiniko herriko kaleetan eta Udalak herritarrei gonbita egin die balkoi eta leihoetan koloretako apaingarriak, ikurrinak edo mahoizko apaingarriak ipintzeko.

Diru gutxiagorekin, baina urtero bezalako jai alai eta koloretsuak antolatu nahi izan ditu Udalak eta berritasunik ere egongo da. Martitzenean bingo herrikoia egingo dute Muniben eta gaztetxoenendako DJ jaialdia antolatu dute zapatu gauerako. 22:30etik aurrera DJon Urbieta egongo da Seminarioko zezen plazan. Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, bestetik, mantendu egingo dute urtean zehar jaiotako jaioberriei jaietako zapatuan zapia ipintzeko ekitaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak