Urtero gutxienez auzolan bat deitzea da asmoa, "antzinako ohitura on hau berreskuratu eta herritarren arteko elkarlana bultzatzeaz gain herria txukuntzeko". Maiatzaren 12ko deialdiak izandako erantzunarekin pozik azaldu ziren Osintxuko Herri Batzarrekoak.
Mendi buelta eta ikastaroak
Ekainaren 9rako bi urtetik behin egiten den Osintxuko mendi buelta iragarri dute; zazpi ordu inguruko ibilbidea izango da eta amaitutakoan bazkaria izango da. Era berean, bi ikastaro antolatu dituzte. Batetik, maiatzeko eguaztenetan postregintza ikastaroa egiten ari dira Osintxun. 20 emakume inguruk dihardute. Ez da gizonezkorik apuntatu aipatutako ikastaroan. Partaideek azpimarratu dutenez, hainbat herrialdetako jendea etorri da azken urteotan Osintxura eta horri esker, hango eta hemengo postreak lantzeko aukera izan dute ikastaroan. Gustura dihardute.
Bestetik, Udalak, Osintxuko Herri Batzarrak eta Bizikasik antolatuta, joskintza ikastaroa izango da Osintxun ekainaren 5ean hasita. Izen-ematea (10 euro) Osintxun bertan, Euskalduna tabernan edo Txuringon egin daiteke. Edozelan ere, edozein argibidetarako Bizikasira (943 76 93 94 telefono zenbakia) jo dezakete interesatuek.