Zale zuri-gorriak Madrilera bidean Koparen bila

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko maiatzaren 25a

Milaka zale zuri-gorri Madrilera bidean dira gaurko Errege Kopako finalerako. Batzuk, partidua ikusteko sarrera patrikan; beste batzuk, sarrera barik, Athletic Hirian eguna pasa eta partidua ikusteko, gozatzeko. Bergaran harrapatu ditugu argazkiko hauek. Bergarako zuri-gorrien lagunartekoak, gehienak. Debatik eta bailarako beste herri batzuetatik etorritakoak beste batzuk.

Eguerdirako Madrilen izango dira. Itzulera ordua goizaldeko 01:30erako jarria dute. Goizeko 8etarako helduko dira Bergarara. Jaietan dira Bergaran. Horregatik, etxerakoan, oheratu ala zezenen aurrean jartzea izango da aukera. Zer da, ba, hori lehoiendako?

Bigarren aukera dute gaur. Ez erronka makala, gainera. Munduko talderik onena aurrean. Zuri-gorrien grina eta azkartasuna, Barcaren ukitu eta ukituko jokoaren aurka. Ikusi behar zein gailentzen den. Ikusi behar zer gertatzen den partiduaren atarian. Txistuka agurtuko duten zaleek Espainiako agintari gorena, ereserkia eta bandera hori-gorria...

Anton eta Toki Ona tabernetan...

Batzuk Madrilera. Sarrerarekin edo barik. Hemen geratzen direnak, ostera, telebistatik jarraituko dute partidua: etxean, tabernetan, lagun artean… Oñatiko Anton tabernan pantaila erraldoia jarriko dute partidua ikusteko; Elgetan, Bolatokian elkartuko dira eta, aurretik, triki poteoa egingo dute. Bergarako Toki Onan, ohikoa den moduan, afaltzera batuko dira zaleak, mahaiaren bueltan eta pantailaren aurrean. Ea Europa Leagueko finalean lagatako zapore mingotsa gozatzea lortzen duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak