Leire Iruin Bilduren zinegotziaren dedikazioak ekarri zuen eztabaida plenoan

Edu Mendibil 2012ko maiatzaren 22a

Atzoko ohiko osoko bilkuran, Leire Iruin zinegotziaren dedikazioak ekarri zuen eztabaida udal gobernuaren eta oposizioaren artean. Hazienda batzordearen proposamenari jarraituz, Leire Iruinek zinegotzi kargua 2/3eko dedikazioaz betetzea onartu zuen udalbatzak, gobernuaren aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin.

Aipatutako puntuaren botazioaren aurretik, Jesus Elortza alkateak hartu zuen hitza. Alkatearen arabera, Iruinek hainbat hilabetetan musutruke jardun du lanean eta oraingo aldaketak ez dio dirurik suposatuko Udalari eta beste alderdiendako ere ez du aldaketarik ekarriko. Leire Iruini Bilduko dirutik ordainduko zaiola zehaztu zuen alkateak.

Esan bezala, EAJ eta PSE-EE kontra azaldu ziren. Juan Jesus Alberdik eta Aintzane Oiarbidek hartu zuten hitza. Gaurko krisi egoerarekin udaletxean hiru lagun zatika liberatuta egotea gehitxo iruditzen zaiola adierazi zuen Alberdik. Etorkizunera begira erabakiak Udalari kostuak ekarriko ote dizkion zalantzan jarri zuen EAJko zinegotziak: "Ekonomi egoerara bolkatu beharko lituzke ardurak gobernuak, ez ingurunera edo atez ateko sistemaren ezartzera". Oiarbide EAJko bozeramaileak, berriz, urtetan udaletxean liberatu bakarra egon dela gogoratu eta horrenbesteko lana nondik sortu den galdetu zuen.

Gobernuaren partetik Justina Elexpuruk eta alkateak hitz egin zuten. Elexpuruk gogoratu zuen Eudelen irizpideen arabera, hiru liberatu izateko eskubidea duela udaletxeak eta bere sorpresa azaldu zuen erabakiak ez duelako eraginik Udalarendako. Alkateak, berriz, egoera ekonomikoarekin aspaldi kezkatuta daudela gogoratu zuen eta zailena dirurik ez dagoenean kudeaketa egitea dela esan zuen: "Diruarekin gestionatzea erraza da, dirurik ez dagoenean datoz komeriak. Eta berriro diot erabakiak ez diola xentimorik suposatzen Udalari". Mozioan jasotzen denez, gastua Bilduren udal taldeak jasotzen duen ekarpenaren murrizketari esker finantzatuko da eta hurrengo urteetako soldataren eguneraketarako udal langileei aplikatzen zaien sistema erabiliko da.

Bestelako gaien artean, Mizpirualde egoitzako kreditu aldaketa aho batez onartu zuten atzo eta talde politikoen aldeko ekarpenen kalkulu-sistemaren aldaketa aurrera atera zuen gobernuak. Lauri Askargorta zinegotziak agindu bezala, modeloa aldatzeko zergatik ez duten aprobetxatu galdetu zuen Alberdik. Sakontasunez aztertuko dutela eta beharra egonez gero aldatuko dutela erantzun zion Askargortak.

Udaleko ordezkariak UEMAn izendatu zituzten baita atzoko bilkuran. Leire Iruin, Jesus Elortza, Jaione Isazelaia, Justina Elexpuru eta Maren Belastegi izango dira ordezkariak, eta horien ordezkoak, hurrenez hurren, Lauri Askargorta, Juan Ignazio Madariaga, Arianne Kareaga, Juanje Amasorrain eta Javi Bengoa. EAJko zinegotziak eta Mari Karmen Barrenetxea PSE-EEko ordezkaria abstenitu egin ziren bozketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak