Kale zaharrarentzat, kolore berriak

abarandiaran 2012ko maiatzaren 23a

Kaleak saltokiz husten ari direla eta, arazoari irtenbidea emateko egitasmo berezia jarriko du abian Bergarako Udalak. Hain zuzen, hutsik dauden merkataritza-guneetan herriko artisten lanak jarriko dituzte ikusgai.

Helburua bikoitza da: alde batetik, krisiak ahuldu duen merkataritzari bultzada ematea; eta bestetik, herriaren indarguneetako bat den artisten sektoreari tokia egitea.

Guztira, herriko 36 artistaren lanak jarriko dituzte erakusgai Bergarako puntu ezberdinetan. Lan gehienak Artekalen eta Barrenkalen egongo diren arren, Bidekurutzeta eta San Pedro kaleetan ere apainduko dituzte hutsik dauden erakusleihoak.

Inaugurazioa, sanjuanetan 

Bergarako artistak erlojuaren aurka ari dira lanean azken asteotan. Zozketa bidez, bakoitzari hutsik dagoen saltoki baten ataria egokitu zaio, eta hura apaintzeko zeregina izango du datozen egunotan.

Lanak ekainaren 23an jarriko dituzte ikusgai, sanjuan bezperan. Egun osorako egitaraua prestatzen ari da Udala artisten laguntzarekin. Bada, suarekin zerikusi zuzena izango duen inaugurazio ekitaldia ikusgarria izango dela aurreratu dute.

Artistak, pozik 

Saltokietako erakusleihoen tamaina oztopo handia da margolarientzat, teknika bereziak erabiltzera behartzen baititu. Rikardo Azkargorta bergararrak, edozelan ere, poz handiz jaso zuen Udalaren eskaintza: "Alde zaharra geroz eta tristeago ikusten nuen. Ideia ona iruditu zait kaleari bizia ematea, eta artistokin gogoratu izana, are gehiago".

Bergaran margotzeko zaletasun handia dago eta horren adibidea da herrian dagoen pintore kopurua. Hasiberriei ere tartea eginez, saltokiak apaintzeko ekimen honetan adin eta maila guztietako margolariei eskainiko zaie beraien lanak erakusteko aukera. 

Kaleko erakusketa

Juanjo Altuna margolariak ere ilusio handiz esan dio baietz Udalaren eskaintzari. "Proiektu oso berezia da, inguruko herrietara zabaltzeko modukoa. Pozgarria da gure kolektiboa nola batu eta piztu duen ikustea". Artisten artean proposamenak errespetua sortu duen arren, herri mailako erakusketa "aukera paregabea" dela diote, aho batez.

Bergarako margolariek harreman handia dute elkarren artean, eta bakoitzak bere estiloa duen arren, talde mailako ekimena dela uste du Altunak: "Horrez gain, herritarra da ekimen honekin irabazten ateratzen dena: areto edo museo batera joan gabe, kalean aurkituko du goi mailako arte erakusketa".

Lanerako lokalak partekatu arren, margolari bakoitza banaka ari da lanean azken asteotan. Guztira 36 saltoki huts koadroz jantzi beharko dituzte, baina ez dira ikusgai izango margolarien lanak bakarrik. Hauenaz gain, taldekako beste 3 erakusleiho huts aukeratu dituzte, zeramika egileek, argazkilariek eta eskultoreek beraien lanekin bete ditzaten. 

Bergaran hondartza

Pintzelak eta irudimena zorrozten harrapatu ditugu Bergarako margolariak. Rikardo Azkargortaren esanetan, "artista bakoitzak ez du alferrik galdu nahi aukera, eta ausardiaz jokatuko du herritarren arreta pizteko". 

Rikardo ohituta dago formatu handiekin lan egitera. Irudiekin jolas egiteko asmoa du, ikuslearen sentimenduak nahastu eta probokatzeko helburuz.

Orain arte sekretua ondo gorde duela aitortu digun arren, Juanjo Altunak ere argitu digu azkenean bere ideia: "oinez doanari hondartza bat zapaltzeko aukera eman nahi diot Barrenkalen, Landetako paisaia eder bat marraztuz".

----------------- 

Justina Elexpuru (Turismo zinegotzia): "Margolanekin gure ingurune historikoa biziberritzea da helburua"

Merkataritza bultzatzeko beharraz hitz egin digu Justina Elexpuru zinegotziak.

Zein da ekimen honen asmoa?

Krisiak gogor kolpatu du herriko merkataritza eta saltoki askotako erakusleihoak hutsik daude. Horri erantzun bat emateko ardura du Udalak, eta Bergarako margolariengana jo dugu laguntza eske.

Eta zein erantzun jaso duzue herriko artisten aldetik?

Aitzakiarik gabea. Eskertzekoa da erakutsi duten borondate ona eta prestutasuna herrigintzaren alde lan egiteko. 

Zein onura ekarriko dio ekimen honek herriari?

Alde batetik, kalean museo bat edukita, herriko artisten lanez gozatzeko aukera. Eta bestetik, bisitariak. Ekimen berezia da, eta kanpoan oihartzuna izango du, modu egokian zabaltzen asmatuz gero. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak