Udalak eta Ortelbar eta Lotzen enpresetako ordezkariek sinatu dute hitzarmena. Jesus Elortza alkatearekin batera Josu Arregi eta Andres Garitano izan ziren. Aldi baterako enpresa sortu dute Lotzenek eta Ortelbarrek, Erregetxo Plaza izenarekin. Mariaren Lagundiko eraikin berriaren tokian, 63 etxebizitza egitea aurreikusten da.
Jesus Elortza alkateak zehaztu zuenez, horietatik 38 libreak izango dira; 13 tasatuak eta 12 babes ofizialekoak. Era berean, 63 garaje eraikiko dituzte eraikinaren azpian eta, horrez gain, komertziorako bi lokal egongo dira. Etxebizitzei dagokienez, logela bat, bi logela, hiru eta lau logelakoak izango direla zehaztu zuen Arregik.
Eraiste lanekin aurrera
Mariaren Lagundiko eraikin berria Gabonen aurretik hasi ziren botatzen, baina arazo batzuk tarteko, ez dituzte lanok oraindik amaitu. Eraikinaren ondoko Zabalotegiko 14. zenbakiko etxeetan pareta bat falta zen eta lanak geratu behar izan zituzten otsailaren hasieran. Atzo aurreratu zutenez, eraiste lanek aurrera egingo dute hurrengo astean.
Mariaren Lagundiko eraikina 1960ko hamarkadaren hasierakoa zen. Oraindik ez dakite noizko amaituta izango diren han eraikiko dituzten etxeak. Bestalde, Erregetxo plaza dagoen tokian aparkalekuak egitea aurreikusi du Bergarako Udalak.