Uda denboraldia hurbiltzen ari da eta Udala dagoenko hasi da Agorrosingo kanpoko berdegunea eta igerilekua egokitzen. Izan ere, guztiak prest egon behar du ekainaren 15erako, orduan zabalduko dute-eta.
Ordurako honako lanak egingo dituzte: zelaia, belar hazia erein, ongarriak bota eta belar mozketak egin; eta igerilekua eta haren ekipamendua garbitu eta desinfektatu.
Berrikuntza moduan, aipatzekoa da bat futbol zelaiaren atzeko aldean segurtasun hesi berria jarri dutela. Futbol zelaiaren eta berdeguneko goiko terrazaren artean jarri dute, segurtasuna bermatzeko asmoz.
Udarako gazte eta helduendako eskaintza
Udarako gazte eta helduen eskaintzarako zozketan parte hartzeko epea ere ireki dutela jakinarazi dute Agorrosinetik. Zozketan parte hartzeko azken eguna maiatzaren 25a da. Bestetik, umeen eskaintzan oraindik ere plaza libreak daudela ekarri dute gogora.
Igeriketa eskolako froga ekainaren 7an
Igeriketa eskolari dagokionez, 2012/13 ikasturteari begira jarrita daude, dagoeneko. Hala, igeriketa eskolan hasi nahi duten ikasleek ekainaren 7an igeriketa froga izango dutela ere aurreratu dute Agorrosinetik, maila frogatzeko –igeriketa eskolak bost maila ditu–. Maila frogatutakoan bost mailetako lautan izango dute izena emateko aukera –beti ere, plaza balego–.
Lehen mailari dagokionez, Zapaburuak, izena eman ahal izateko zozketa egingo dute eta zozketa horretan parte hartzeko izen-ematearen epea ekainaren 4ean hasi eta 14ra arte luzatuko da.