Eskolako Agenda 21eko ikasleen ordezkariak Bergarako alkatearekin izan dira

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko maiatzaren 17a

Bergarako ikastetxeetako Eskolako Agenda 21eko ikasle ordezkariak udaletxean bildu ziren atzo, ikasturtean zehar egindako lanak Udal ordezkariei aurkezteko asmoz. Guztira, 2.489 ikasle aritu dira programa horretan, herriko ikastetxe guztietakoak. Mugikortasuna eta garraioa izan dute berbeta gai.

 

Gelan gaia aztertu ondoren, kanpora irten ziren kale behaketak egitera. Egindako azterketa horretan oinarrituta,  ikastetxe bakoitzean proposamen ugari atera ziren. Ikasleen arteko Foroan elkartutako ordezkarien artean proposamenak adostu eta garrantzitsuenak bozkatu zituzten.

Promosamen zehatzak

Oraingo honetan, Udal Entzunaldian, Jesus Elortza alkate jaunari eta Maren Belastegi alkateordeari egindako lana eta bateratutako proposamenak aurkeztu dizkiete.

  • Garraio publikoa merkeagoa izatea eta inguruko herrietara (Antzuola, Elgeta...) ordutegia zabaltzea.
  • Bidegorri sarea handitzea: herri barnekoa (eginda dauden zatiak lotuz) eta herrien artekoa (Antzuolara...).
  • Kaleetako espaloiak zabaldu, leundu, koxkak dauden lekuetan aldapak jarri eta mugitzen diren baldosak edota zuloak  konpontzea.
  • Kontzientziazio kanpainak egitea jendea oinez edo bizikletaz ibiltzeko (adibidez bizikleta eguna).
  • Udalaren kargu dauden ibilgailuak elektrikoak izatea.
  • Herri erdigunean bizikletentzako aparkalekuak eta alokairuak jartzea eta kanpoaldean autoentzako  aparkalekuak, autoak erdigunera ez sartzeko.
  • Kaleetan trafikoa gutxitzeko autoz ibiltzeko arauak finkatzea (matrikularen arabera egunak zehaztu…).

Alkatearen azalpenak

Ondoren, Udalaren txanda iritsi da, alkatea banan-bana proposamen guztiei erantzuna ematen saiatu da, Udalak arlo honetan dituen asmoak azalduz eta hainbat azalpen emanez.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak