Bergarako txosnetako batzordeak bere egitaraua aurkeztu du

Ander Monedero 2012ko maiatzaren 16a

Bergarako Herri mugimenduak ere bere egitaraua prestatu du. Aurtengo txosna batzordea azken urteetako anitzena da, besteak beste, gazteak; euskalgintzako eta politika eragileak; eta kirol munduko jendeak parte hartu dute jaien egitaraua prestatzen. Aurtengo berritasunen artean daude zero zabor filosofiarekin bat egitea eta Bergarako musika taldeei bultzada emateko ekimena.

Txosna batzordeak ere krisiaren eragina jasan du bere aurrekontuan, baina horrek ez du ekitaldien kopuruan eta kalitatean eragin. Bergarako Herri Mugimenduak aurreko urtean bokaten txosnak izandako arrakasta ikusita, aurten ere errepikatzea erabaki dute.  

Kontzertuei dagokionez, eskaintza zabala antolatu dute. Egunero kontzertuak egongo dira eta besteak beste, Anai-Arrebak, Dirty Brothers, Willis Drummond eta DJ Makala arituko dira. Gainera, aurten, Bergarako musika taldeei bultzada emateko asmoz, egunero herriko talde batek txosnetan joko du. Flyshit, Fiachras, Hardflip eta Azkaiter Pelox dira horietako batzuk. 

Zapatua Presoen aldeko eguna izango da eta elkartasun bertso bazkaria egingo dute Miren Amuriza eta Aitzol Barandiaran bertsolariekin.

Aurten, gainera, txosna guneak bat egin du zero zabor filosofiarekin eta hondakinen gaikako bilketa egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak