Aurtengo Pentekoste jaiak prest

Ander Monedero 2012ko maiatzaren 16a

10 egun baino ez dira geratzen Bergarako plazan Bitorianatxo agertu eta Pentekoste jaiei hasiera emateko eta dagoeneko, Bergarako Udalak ia dena prest du. Aurtengo jaiek aurrekontuaren %20ko murrizketa izan dute eta, guztira, Pentekoste jaiak ospatzeko 112.000 euro gastatuko ditu Udalak.

Krisiak krisi eta aurrekontuaren %20ko murrizketarekin bada ere, 2012ko Bergarako Pentekoste jaiak ekitaldiz josita datoz. Jaiak asteko 10 egun baino geratzen dira eta dagoeneko Bergarako Udalak jaietarako prestatu dituen ekitaldiak aurkeztu ditu.

Aurtengo egitarauak ohikoak diren Bitorianatxoren jaitsiera, bakailao lehiaketa edo Bergarako Udal Bandaren kontzertua bezalako ekitaldiez gain, aurten bingo herrikoia edo gaztetxoentzako dj festa dira jaietako nobedadeetako batzuk.

2012ko jaiei hasiera emateko, Miguel Okinak botako du txupinazoa. Udalak gerra sufritu zuten guztiei elkartasuna adierazteko aukeratu du margolari bergararra. Txupinazoarekin batera, Bitorianatxoren jaitsiera izango da, eta aurten, Rosa Narbaiza izango da Bitorianatxo.

Zapatuan, Bergarako haur jaio berriei ongi etorria egingo zaie Udaletxeko pleno aretoan. Ekitaldi hau iaz hasi zen, baina tradizio bilakatzeko aukera asko ditu. Horretaz aparte, plastika txapelketa; erraldoi eta buruhaundien kalejira; eta gaztetxoentzako DJ jaialdia izango dira. 

Domekan, umeentzako ur jolasak, goitibeherak eta dantza askatuko txapelketa egingo dituzte. Azken urteetan dantza askatuko txapelketa Abarka taldeak antolatu du, baina aurten Moiazpik antolatuko du.

Maiatzaren 28an, astelehena, koadrilen egunean, tabernen arteko jolasak eta herri bazkaria egingo dituzte. Herri bazkarian 700 pertsonentzako paella egingo dute. Bazkaria San Martin plazan izango da, baina euria eginez gero, Labegaraietako kiroldegian egingo da.

Eta jaietako azken egunean, haurrentzako jolasak, herri kirolak eta ‘Alma Navarra’ taldearen jota ikuskizuna egongo dira. Eta tradizioari jarraituz, goi mailako pilota partidua izango da. Leire Iruin zinegotziaren arabera, hurrengo astean jakingo da nortzuk jokatuko dute pilota partiduak.

Ikus daitekeenez, aurrekontu murrizketa izan arren ekitaldiz jositako jaiak izango dira Bergarako Pentekosteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak