Sonia Ulazia: "Estresa eragiten duen faktore bat nork bere buruari jarritako exijentzia maila handia da"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko mai. 14a, 13:06

Bizikasik eta Bergarako Udalak Autoestimua izeneko ikastaroa antolatu dute. Joan den eguaztenean hasi zuten ikastaroa zortzi emakumek eta bi gizonek. Adindu elkarteko Sonia Ulaziak azaldu du zertan oinarritzen den ikastaroa. 

Autoestimua. Nola definituko genuke?

Pertsona bakoitzak bere buruarekiko egiten duen balorazioa da autoestimua. Ikastaroa hasi genuenean, definizioa ematerakoan, nik ikuspegi positibotik eman nuen definizioa: nork bere buruarekiko duen jarrera positiboa da autoestimua. Gauzak ahalik eta modu naturalenean pentsatu, sentitu eta egitean datza. Gure ongizatea jarrera aktibo batekin bilatu behar dugu. Horrela definituko nuke autoestimua. Hortik aurrera, autoestimu hori hobetzen lagunduko diguten alderdiak jorratuko ditugu.

Ikastaroa eguenean hasi zenuten. Nola joan zen lehenengo eguna?

Talde irekia da, eta horrelakoetan ez da jakiten nortzuek emango duten izena ikastaroan. Nire pertzepzioa ona da, uste dut lehenengo eguna izateko ondo joan zela.

Zer landuko duzue ikastaroan?

Beharren arabera antolatuko dugu ikastaroa. Baina oinarri finko batzuk izango ditu. Pentsatzeko modua, adibidez, nire ustez oso garrantzitsua da. Pentsatzeko modu positiboa landuko dugu. Uste dut pentsatzeko modua oso lotuta dagoela gero sentituko garen moduarekin. Bizitza eta gertatzen zaizkigunak nola enfokatzen ditugun oso garrantzitsua da. Horregatik, ikastaroan arlo hori landuko dugu.

Psikologia kognitiboan oinarrituko zarela azaldu duzu.

Psikologiako alderdia da psikologia kognitiboa, eta, hain zuzen, pentsatzearen arloa lantzen duen joera da. Hortik abiatuta hainbat teknika landuko ditugu. Nik uste dut teknika horiek baliagarriak direla gure buruarekiko edo inguruko pertsonekiko ditugun pentsamenduak enfokatzeko. Hau da, egunero gertatzen zaizkigun gauzek zerikusi handia dute pentsatu ditugun ideiekin eta horrek eragina izango du sentituko garen moduarekin. Oinarri arrazionalik ez duten pentsamenduak sartuko lirateke hor.

Pentsamenduak arrazionalak izan arren, gure buruan izaten ditugu askotan.

Bai, eta askotan pentsamendu arrazional horiek min handia egiten digute. Pentsamendu horiek dira izan/egin beharko deiturikoak. Exijentzia larregi jartzen dizkiogu gure buruari: "Dena ondo egin beharko nuke, ez nuke inoiz hutsik egin behar, beti jakin beharko nuke erantzuna...". Horrelako itxaropenak jartzen dizkiogu gure buruari, baina baita ingurukoei ere. Hori ikastaroan landuko dugun arlo bat da. Kontuan hartu behar dugu pertsona bakoitza nolakoa den eta gaizki egotea nolako pentsamenduek eragiten diguten. Pentsamendu horiek ezabatzeko pauso batzuk eskainiko ditugu: benetakoak ez diren pentsamenduak dira, baina guk benetako moduan hartzen ditugunak.

Gaur egungo gizarteak perfektuak izatera behartzen gaitu?

Estres handiko gizartean bizi gara. Hainbat faktore daude estres hori eragiten dutenak, baina faktore horietako bat gehiegizko exijentzia maila da. Huts egiteko beldurra izaten dugu, perfektuak ez izateko beldurra. Onak izan behar dugu lanean, guraso onak izan behar dugu, denbora atera behar dugu aisialdirako... Presio hori gainetik kenduko genuke konturatuko bagina gauza askok ez dutela garrantzirik. Erlatibizatu egin beharko genuke. 

Definizioa ematerakoan autoesimu positiboa aipatu duzu. Baina autoestimu negatiboa ere badagoela esan daiteke?

Autoestimu on bat nork bere buruarekiko jarrera positiboa izatea da. Hori oinarri hartuta eman dut definizioa. Bizi izaten ari naizen egoera hori modu naturalenean pentsatu, egin eta sentitzea da autoestimua. Ez zait autoestimu handiaz eta txikiaz berba egitea gustatzen. Jarrera horiek naturalak dira, denok gura dugu poztasun horiek jarrera aktiboarekin bilatzea. Baina, batzuetan, hainbat arazo izaten ditugu poztasun hori topatzeko. Jarrera horiek autoestimu arazoak sortzen dituzte. Hortaz, arazoak sortzen diguten jarrera horiek topatu eta deuseztatzea da helburua.

Gaizki sentiarazten gaituen arrazoietako bat pentsamendua izaten da?

Bai, pentsamendua oso garrantzitsua da. Landuko dugun beste gai bat erabakiak hartzea izango da. Nola aurre egin erabakiak hartzeko momentu horri. Autoestimua eta ekintza oso lotuta dauden faktoreak dira, erabakiak hartzeko motorra izaten da autoestimua. Azkenik, nork bere burua ezagutzea ere oinarrizkoa da. Nor naizen eta zelan nagoen jakin behar dugu.

Nork bere burua onartzea ezinbestekoa izango da, ala?

Bai, edozein lan psikologiko egiterakoan oinarrizkoa da nork bere burua ezagutzea. "Nor naiz, nola nago, ilusioa daukat...". Garen bezalakoak onartzea ezinbestekoa da. Inolako baldintzarik gabe onartu behar dugu gure burua, eta baita gainerakoena ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak