Baina, Athletic garaipenen eta porroten gainetik dago. Hala erakutsi zuten, behinik behin, Bergarako zale zuri-gorriek. Toki Ona tabernan batu ziren partidua ikustera. Pasioz jarraitu zuten neurketa. Eta galdu arren, festarako gogotsu eta alaitsu agertu ziren amaieran. Suziriak, serpentinak, klaxonak eta beste. Galdu ala irabazi, tinko jarraitzen dutela adierazteko, Athletic sentimendu bat dela erakusteko…
Errege Kopan beste aukera bat
Maiatzaren 25ean beste aukera bat izango du Athletic-ek, Espainiako Errege Kopako finalean, Madrilen. Barca handiaren aurka. Aurten, oraindik, ezer irabazi ez duenaren aurka. Faborito nagusia aurrez aurre. Munduko talderik handiena parean. Baina zailagoak egin ditu Athleticek. Guardiolaren agurra zapuzten saiatuko dira.
Bergarako jaiak
Maiatzaren 25ean, egubakoitza, hasiko dira Bergarako Pentekoste jaiak. Bergarako zuri-gorrien lagunartekoek kontatu digute handia egin nahi dutela: ez ahazteko moduko ospakizuna. Toki Ona taberman elkartuko dira, berriro ere, afaltzeko eta finala ikusteko. Eta gero gerokoak. Irabazten badu, akaso, gabarra ikusiko dugu Deba ibaian, Santa Marinako zubi azpian, baltsa zuri-gorri bihurtuta.
Bergaran bezala, ibarreko gainerako herrietan ere batu ziren atzo Debagoieneko zale zuri-gorriak. Antton tabernan, Oñatin; Elgetako Bolatokian…