Toribio Jauregi argazkilariak gerra denboran ateratako argazkiak izan dira ikusgai, 1936ko uztailaren 18an Espainiako gerra hasi zenetik 1937ko apirilaren 24an Elgetako frontea erori arte egindako argazkiak. Eta horiekin batera, testuinguru historikoa azaltzeko helburuarekin, II. Errepublikako eta Gerra hasierako dokumentuen digitalizazioak ere bildu dituzte antolatzaileek.
Balorazio "oso baikorra"
2.531 lagunek ikusi dute erakusketa eta Intxorta 1937 kultur elkarteak bisita gidatuak egin ditu, eskaera egon denetan. Datu horiek ikusirik, antolatzaileek balorazio "oso baikorra" egin dute. Eta esker hitzak izan dituzte argazkietan azaltzen diren pertsonak identifikatzen lagundu dietenentzat: "Parte-hartze handia izan da eta 60 izen inguru jaso ditugu. Laburbiltzeko, erakusketa arrakastatsua izan da, bai ikusle kopuruagatik eta baita jasotako informazioagatik ere".
Baina oraindik ere badira identifikatu gabe jarraitzen dutenak eta, horregatik, lagungarria izan daitekeen informazioa izanez gero Udal artxibora edo elkarteko kideengana jotzeko dei egin diete herritarrei.