Beste ehun udalerrirekin batera, irailaren 22an Bergarako herriak ozen esan nahi du, euskaraz bizi nahi duela. Horretarako bat egingo du Kontseiluak abian ipini duen Euskaraz bizi nahi dut lasterketarekin."Kontseilua Bergarako Udalarekin eta Jardun elkartearekin harremanetan ipini da lasterketa hori Bergaran ere egin ahal izateko. Helburua da 'Euskaraz bizi nahi dut' aldarrikatzea", kontatu digu Jarduneko Nerea Mendizabalek.
Lehenengo batzarra gaur Irizar jauregian
Dinamika horrekin euskararen normalizaziori beharrezkoa duen bultzada herrikoaia eman nahi zaio. Bergarak, esan moduan, bat egin nahi du ekimen horrekin, eta hori horrela lasterketa antolatzeko lan-taldea osatu nahian dabiltza. Horretarako lehenengo batzarra gaur bertan izango da, 18:30ean Irizar Jauregian. Euskagintzan diharduten hainbat pertsona eta kirolari eta korrikalariak ere deitu dituzte batzarrera. Oraindik antolaketa lanak hasi besterik egin ez diren arren, irailaren 22an Bergaran giro bikaina sortzea da asmoa.
Aurreratu dute lasterketa herrikoia izango dela, horretarako ibilbide desberdinak egitea da asmoa. Lasterketak 200 metro izango ditu txikitxoendako, 500 metro infantilendako, 1000 metro jubenilendako eta 5000 helduendako. Izen emateak internet bidez egin ahalko dira.