Egubakoitzean aurkeztu zuten Bergaran herritarren aurrean Ndank Ndank elkartea

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko maiatzaren 7a

Bergaran bizi den senegaldar talde batek eta zenbait herritarrek sortu dute, besteak beste, Senegalen garapenerako lankidetza proiektuak bultzatzeko. Egubakoitzeko aurkezpenean, batez ere, Senegaleko hezkuntza eta osasun arloan dauden beharren berri eman zuten.

Irizar jauregian aurkeztu zuten egubakoitzean Ndank Ndank Bergarako Senegaleko lagunen elkartea. Mamadou Sarr elkarteko presidenteak eta Eli Dominguez presidenteordeak elkartearen bi helburu nagusiak azaldu zizkieten han batutako herritarrei: batetik, Bergaran zein bailaran kulturartekotasuna sustatzea, eta, bestetik, Senegalen garapenerako lankidetza proiektuak aurrera eramatea.

Horrekin batera, taldeko beste kide batek Abddoullay Gueyek Senegaleko osasun eta hezkuntza errealitatearen berri ere eman zien aurkezpenean batutakoei. Bai osasun arloan zein hezkuntzan behar handiak dituzte Senegalen eta horregatik arlo horietara bideratuko ditu gaur gaurkoz Ndank Ndank elkarteak bere lankidetza proiektuak.

Sentsibilizazioa eta kolaborazioa

Horregatik guztiagatik sentsibilizazioa bultzatu nahi dutela ere azaldu zuten egubakoitzean eta baita kolaborazioa bilatu ere. Gaur egun 20 lagunek dihardu elkartean baina ateak zabalik dituzte parte hartu nahi duten guztiendako. Egubakoitzero elkartzen dira 5etatik 7etara kultura etxean.

Bestalde, sentsibilizazioa bultzatzeko bidean hainat ekitaldi egingo dituztela ere aurreratu dute. Esaterako, jai senegaldar bat antolatuko dute Bergaran eta datorren asteburuan Mundumiran ere egongo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak