Taldeko kideak egubakoitzero batzen dira kultura etxean, 17:00etatik 19:00etara, eta ateak zabalik dituztela gogoratu nahi dute arduradunek. Elkarteak bi helburu nagusi ditu: euskaldunen eta senegaldarren arteko elkartrukea bultzatzea batetik eta Senegalen garapen proiektuak gauzatzea bestetik.
Gaurko aurkezpen ekitaldian Abdoullay Gueyek Senegaleko hezkuntza eta osasun sistemen berri emango du. Musika ere ez da faltako aurkezpenean. Ndank Ndank poliki poliki esan nahi du eta mantso mantso baina tinko jardun nahi dute elkarteko kideek. Dagoeneko lehen urratsak ematen ari dira elkarlanean Bergarako senegaldarrak herritarrekin batera. Mamadou Sarr ezaguna da elkarteko presidentea eta, esan bezala, edozeinen laguntza jasotzeko gertu daudela azpimarratu nahi du.