Leire Iruin: "Udala konpostagailu komunitarioen alde dago"

Arritxu Barruso 2012ko maiatzaren 3a

Konpostagailu komunitarioa ipintzeko eskaria jaso berri du Udalak Labegaraietako auzotar talde baten eskutik. Bizilagunen artean  batutako hondakin organikoa konpost bihurtu eta auzolanean duten ortuan erabiltzea litzateke helburua. Bergarako Udalak begi onez ikusi du eskaria. Ingurumen zinegotziarekin hitz egin dugu gai horren inguruan.

Nola hartu duzue Labergaraietako bizilagunen eskaria?

12 familia batu eta konpostagailu komunitarioa ipintzeko ideia izan dute. Oso pozik hartu dugu eskaria, argi eta garbi bat egiten duelako Udalaren filosofiarekin. Gainera, Labegaraietako konpostagailua lehenbailehen martxan ipintzea da asmoa. Horrela, gainontzeko herritarrek ere esperientzia hori ezagutzeko aukera izango dute, eta hortik ikasi. 

Labegaraietakoa da, oraingoz, jaso duzuen eskari bakarra.

Bai. Halaxe da, baina, esan bezala, Udalak bat egiten du filosofia horrekin, konpostagailu komunitarioen alde dago; beraz, herritarrak animatu nahi ditugu interesa izanez gero gurekin harremanetan ipintzera. 

Labegaraietako bizilagunek lursail bat daukate etxebizitzen aldamenean, baina zer egin dezakete lursailik ez daukaten bizilagunek?

Askotan, horixe da kalean bizi diren herritarrengandik jaso dugun kexa. Askok esaten digute: "Konpostagailuaren kontua ondo dago auzoetarako eta baserrietarako, baina kalean ezin dugu horrelakorik egin". Bada, hori horrela izan ez dadin Udala aztertzen ari da publikoak diren lursailetan edo lorategietan konpostagailu komunitarioak ipintzea. Esaterako, aukera bat izan daiteke herriaren erdigunean konpostagailu bat ipintzea, eta horrela ez litzateke beharrezkoa lursail bat izatea konposta egin ahal izateko.

Dena dela, konposta egin ahal izateko ezinbestekoa da formazioa jasotzea. Nola egingo duzue?

Debagoieneko Mankomunitateak konpostagailua ipintzea erabakitzen duten herritarrendako ikastaroak eskaintzen ditu urtero, eta formazio saio horietara bideratuko ditugu interesa duten herritarrak. Horrez gain, Udaleko langileak –lorazainak, garbitzaileak eta abar– formatu egingo ditugu herritarrei lagundu ahal diezaieten. Bergararrei esan nahi diet lasai egoteko, interesa izanez gero erraz egingo dugula, erraz ikasiko dugula guztion artean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak