Bergarako kontsumo taldeak: barazkiak, baserritik kalera

Mireia Bikuña 2012ko maiatzaren 1a

Gipuzkoako EHNEk eta Biolurrek bultzatutako ekimenaren haritik sortu zituzten Bergarako kontsumo taldeak, eta egun, hiru kontsumo talde dituzte herrian: Alain Etxeberriarena, Loidi baserrikoa eta Gaizka Olabarrietarena.

Azken hori taldea sendotu guran dabil. "Arrasaten talde bat daukat. Orain, Angiozarko Zuloeta baserriko ekoizlearekin batera, taldea errotu gura dut Bergaran. Proiektua sendotzeko kontsumitzaileen parte-hartzea ezinbestekoa da. Eguazten arratsaldeetan banatzen ditugu otarreak azokan. Taldean parte hartu gura dutenak etor daitezela", esan digu Olabarrietak. 

Bada, nola funtzionatzen dute kontsumo taldeek? Herritarren eta baserritarren arteko hartu-emana bi aldeen beharrak asetzen dituen elkar-trukean gauzatzen da: baserritarrak, astero, berak ekoitzitako barazkiz eta bestelako produktuz osaturiko otarre bat prestatzen du eta toki eta ordu zehatz batean taldeko kideei eramaten dizkie. Bergarakoen kasuan, azokan izaten dute topaleku, martitzen, eguazten, eguen eta egubakoitzetan. Banaketa egunetan otarrea jaso ezin dutenek kontsumo taldeek azokan duten lokalean jaso ahal izango dute.

Bertakoak eta ekologikoak

Hasieratik dago kontsumo taldean Alain Etxebarria ekoizlea. "Guregana etorri ziren ekoizle izan gura genuen galdetzera, eta animatu egin ginen. Hasierako ekimena EHNErena eta Biolurrena izan zen", esan digu.

Behin taldean sartuta, gustura dihardutela esan digu, nahiz eta "lan gogorra" dela esan. "Gogorra dela diot, ortuko lana gogorra delako. Zortzi orduko lan jarduna baino askoz gehiago delako. Baina, egia esan, gustura gaude. Esperientzia ikaragarria da bezeroekin eta beste taldeetako kideekin hartu-emana egin dugulako. Gainera, etxean egindako produktu ekologikoei irtenbidea emateko aukera daukagu. Gure sektorean bizirik irautea oso zaila da, eta halako taldeek aukera hori ematen digute.", esan digu.

Alain Etxebarriak 15 familiarendako otarreak egiten ditu, gehienak bikote gazteak. "Bitxia da, gehienak bikote gazteak dira, 30-40 urte artekoak. Batzuek seme-alabak dituzte eta beste batzuek ez. Dena den, badaude nagusiagoak diren kideak ere".

Otarre bat baino gehiago 

Kontsumo taldeen bigarren zutabe nagusia kontsumitzaileak dira. Loidi baserriko otarre erdi hartzen du astero Lander Juaristik. "Behar pertsonaletatik abiatuta konturatu ginen aukera gutxi genuela bertako produktuak kontsumitzeko. Ezaguna den ekoizle baten ortuko garaian garaiko produktu ekologikoak kontsumitzeko aukera aztertu, eta animatu egin ginen", esan digu.

Kontsumo taldeko kide izateak onura asko dituela azpimarratu digu. "Alde batetik, jateko era aldatu dugu. Badakigu zer jaten dugun eta nondik datorren produktu hori. Egun, Loidi baserriko intxaurrak jaten ditugu, eta orain arte, Frantziatik ekarritakoak. Beste alde batetik, ekoizleen errealitatea ezagutzeko aukera izan dugu. Gainera, gure ekoizleekin hartu-eman zuzena daukagu. Kontsumo taldeko kide izatea ez da astero otarre bat jasotzea bakarrik. Hartu-eman sendoa sortzen da. Kontsumitzaile moduan ez ditugu bakarrik barazkiak jasotzen. Beste produktu batzuk eskaintzen dizkigute: haragia, ogia, fruituak...", dio Juaristik.

Elkarrekin 

Kontsumo talde bakoitzak bere kideak eta funtzionamendua ditu. Baina, elkarrekin antolatzen dituzte ekintzak. "Bazkaltzeko eta batzarrak egiteko elkartzen gara. Talde autonomoak izateak ez du esan gura ezin dugunik elkarrekin lan egin. Gizarteak duen kontsumo eredua aldatzeko zer egin dezakegun ikusi behar dugu", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak