Mireia Gabilondo, presoen gaineko film kolektiboan

Edu Mendibil 2012ko apirilaren 27a

'Barrura begiratzeko leihoak' filmaren trailerra erakutsi zuten martitzenean Donostian, Giza Eskubideen 10. Zinemaldiaren barruan. Bost zuzendari dihardute lanean aipatutako filmean, tartean Mireia Gabilondo bergararra. Harekin batera, Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Txaber Larreategi eta Enara Goikoetxea dira egileak.

Martitzenean aurreratu zutenez lanak oso aurreratuta daude, eta estreinaldia aurtengo irailean egitea aurreikusi dute. Trilogia baten amaiera gisa uler daiteke Barrura begiratzeko leihoak, Itsasoaren alaba eta Sagarren denbora filmeen jarraipen eta amaiera gisa. Euskal preso politikoen egoera aztergai izango du filmak.

Egitasmo honetarako Zinez Elkartea sortu dute, ekoiztetxe lanak egiteko, betiere zinemagintza ulertu eta egiteko forma jakin bat bultzatzeko: "Zinemagintza apala, benekotasuna, gertutasuna eta gizatasuna dira gure ikuspegiaren gakoak. Hortik ere izena, zinez" diote proiektuko arduradunek.

Laguntza kanpaina
Aipatutako egitasmoarendako baliabideak lortzeko kanpaina abiarazi dute. Arduradunen arabera, ez dute ahalegin hori diru-bilketara mugatu: "Guretako dirua bezain garrantzitsua da emanaldiak antolatzea eta emanaldi horietan zerbait kontatzea, filma emateaz gainera. Horregatik, gure emanaldietan zuzendariak edo protagonistak ere egoten dira, honetaz eta hartaz hitz egiteko emanaldira hurbiltzen den jendearekin".

Esandako moduan, egitasmoa diruz laguntzeko aukera nadago eta horretarako 20 euroko bonoak jarri dituzte salgai. Bonoarekin batera, filma ikusteko txartela eta DVDa eskuratuko dituzte laguntzaileek. Trailerrari dagokionez, hemen ikus dezakezue filmaren gaineko bi minutuko inguruko aurrerapena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak