Jose Mari Elortza bergararrak CAF-Elhuyar sarietako Merezimendu saria jaso du

Goiatz Arana Begiristain 2012ko api. 27a, 10:26

Kimika-doktorea da Elortza. Ikastolako irakasle izan zen Bergaran eta handik Donostiara joan zen, Kimika Fakultatera. Lan handia egin du euskara teknikoa garatzeko, besteak beste. Epaimahaiak bere ibilbidea errekonozitu gura izan du Merezimendu sariarekin.

Atzo, eguena, egin zuten CAF-Elhuyar sarien banaketa-ekitaldia, Donostiako San Telmo museoan.

Bost kimikari eta kazetari bat izan dira aurtengo irabazleak: Alfredo Sarmiento (Logroño), Patricia Navarro (Castro Urdiales) eta Jone Omar (Bilbo) kimikariek irabazi dute dibulgazio-artikulu orokor onenaren saria, Kimikaren artea eta artearen kimika lanarekin; Jon Makibar (Eibar) Ingeniaritza Kimikoan doktoreak, tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onenaren saria, Pirolosia eta biofindegiak lanarekin; Gorka Zabaleta (Zumaia) kazetariak, berriz, zientzia-kazetaritzako lan onenaren saria, Itsas hondoa eskura. Mapetan agertzen ez den mundua lanarekin. Merezimendu saria ere kimika-doktore batek jaso du: Jose Mari Elortza bergararrak.

Ohiko sariez gain, pertsona baten ibilbidearen errekonozimendu gisara Merezimendu saria ematen duten hirugarren urtea da aurtengoa: lehena Luis Bandresek jaso zuen, bigarrena Joserra Etxebarriak, eta aurten Josemari Elortzak. Kimikaren alorrean euskarari egindako ekarpenagatik saritu dute. Elortzak Elhuyar Fundazioaren lehendakari Jose Mari Ibaberen eskutik jaso du saria, txalo-zaparrada baten artean. 

Jose Mari Elortza

(Bergara, 1950). Valladolideko Unibertsitatean egin zituen Elortzak Kimikako ikasketak, eta 1976an hasi zen Donostiako Kimika Fakultatean lanean. Garai bertsuan ekin zion kimikako testuliburuak euskaraz idazteari. "Bi liburu baino ez genituen ezagutzen, biak Espainiako Gerraren aurretik idatziak, 1936an; Gabriel Jauregiren Kimia eta Pisia, hain zuzen ere. Kimika Fakultatean ikasle batzuk eta ni elkartzen ginen, eta erabakitzen genuen Fakultatean nola esango genituen gauzak. Leioakoekin ere harremanetan geunden eta haiekin biribildu egiten genuen kontua, baita Udako Euskal Unibertsitatean ere".

Hain zuzen ere, Elortzak idatzitakoak dira ikasle-belaunaldi askok erabili dituzten Kimika Fisiko Makromolekularra eta Termodinamika liburuak. 2010eko Merezimendu saridun Jose Ramon Etxebarria, Jazinto Iturbe eta beste batzuekin batera, aitzindaria izan zen Elortza euskarazko irakaskuntzarako testugintzan.

48 lan

2011ko CAF-Elhuyar sarietara 48 lan aurkeztu dituzte orotara: Dibulgazio-artikulu orokorren kategorian, 23 lan; Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluen kategorian, 14 lan; Zientzia-kazetaritza kategorian, 9; eta, azkenik, Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioen kategorian, 2.

Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioaren saria eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak